argia.eus
INPRIMATU
Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak
  • Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.

Olaia L. Garaialde 2025eko martxoaren 07a

Ehun pertsonetatik hiruk egiten dute bizi testamentua edo aurretiazko borondateen agiria Nafarroan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino hiru aldiz gehiagok. Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen arabera, administrazioak egindako lanak eta elkarteak ematen dituen hitzaldiek eragin “handia” izan dute horretan: “Nafarroan administrazioak urte asko daramatza bizi testamentuaren garrantzia azpimarratzen. Besteetan aldiz, ez dute deus egiten”. Nafarroan “erraz” lortu daiteke, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urtebeteko itxaron-zerrenda dago tramitazioa egiteko.

Bizi testamentua dokumentu ofizial bat da, zeinetan norberak idatzita uzten duen zer-nolako arreta medikoa jaso nahi duen erabakirik hartu ezin duenean eta bere egoera atzeraezina denean. Horren adibide dira egoera begetatiboan garatzea eta dementzia kasuen ondorioz gauzak erabakitzeko gaitasuna galtzea. “Horrelako egoeretan zuk erabaki dezakezu medikuek ez erabiltzea bizitza gehiago luzatzeko tresnarik. Bestela, familiak nahi beste luzatu dezake zure bizitza”, azaldu du.

Dokumentuan idatzirik utzi daiteke baita ere zein momentutan eskatu nahi duzun eutanasia. Hala ere, hori soilik aplikatuko da momentu horretan legezkoa bada eta agiria idatzi duen pertsonak erabakitzeko gaitasuna galdua badu. Bestela, familia-medikuarenera edota espezialistarenera jo behar da. Gaur egun, legezkoa da, baina soilik eskatu dezakete gaixotasun batengatik epe motzera hiltzeko pronostikoa dutenek eta larriki ezintzen ditun gaitz kroniko bat dutenek. Beti ere, 18 urtetik gorakoak badira.

Lizarragak nabarmendu du aurretiazko borondateen agiria edozein adinetan eskatzea gomendagarria dela, edonork izan dezakeelako istripu bat. Dokumentua idazteak dituen onurez ere mintzatu da. Alde batetik, norberak nahi duen bezala hiltzeko aukera bermatzen du dokumentuak: “Dementzia kasuetan adibidez, batzuentzat ez da aski ongi zainduta egotearekin; batzuek erabakitzen dute ez dutela bizitzen jarraitu nahi, bakarrik bizitzeko autonomia galdu badute. Bakoitzak erabaki behar du zer den heriotza duina norberarentzat”.

Bestetik, familiari ardurak kendu eta gauzak errazten dizkiola uste du: “Nik beti esaten dut bizi testamentua maitasun ekintza bat dela, saihesten duzulako familiak erabakiak hartu beharra”. Horrez gain, doluan lagundu eta erru sentimendua gutxitzen duela dio: “Batzuetan kulpa sartzen da ematen duelako ez dugula pertsona hori zaindu nahi edo hiltzen ari garela. Baina bere erabakia betetzen ari gara, argi utzi duelako ez duela horrela bizitzen jarraitu nahi”.

"Bizi testamentua maitasun ekintza bat da, saihesten duzulako familiak erabakiak hartu beharra". Horrez gain, doluan lagundu eta erru sentimendua gutxitzen du

Agiria lortzeko bideak

Dokumentua eskatzeko bideei dagokienez, Lizarragak azpimarratu du Nafarroan erraztasun gehiago daudela. Duela gutxi arte, soilik lortu zitekeen dokumentua hiru testigu bilduz. Horietako bik ezin dute ondarezko harremanik izan eta dokumentua egiten duenak frogatu behar du askatasunez hartutako erabaki bat dela. Beste aukera bat da notario baten bidez egitea, baina ordaindu egin behar da. Horrez gain, Osasun Hiritartasunaren, Aholkularitzaren eta Bermeen Zerbitzuan (Iruñeko Amaia kaleko 2. zenbakian) ere egin daiteke tramitazioa. Azkenik, eta biderik errazena da, osasun etxean gizarte langilearekin hitzordua eskatu eta bertan egin daiteke: “Aukera hori eskaintzen duen erkidego bakarra da”. 

Bizi testamentua egiteko eredu desberdinak daudenez eta dokumentuaren inguruko galdera asko sortzen direnez, Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen du. Hilabeteko lehen eta laugarren astelehenetan, 11:30etik 13:00etara, Kondestablearen Jauregian eskaintzen dute arreta, 0034 696 357 734 telefono zenbakian hitzordua eskatuta. Batzuetan ez dute momentuan bertan telefonoa hartzen, baina deiak itzultzen dituzte. Horrez gain, dmdnavarra@derechoamorir.org posta elektronikora idatzi daiteke.