argia.eus
INPRIMATU
Espainiako bandera “bahitu” du Bizi mugimenduak Baionako Kontsuletxetik
  • Bizi mugimenduak beste behin ere “bahiketa ekintza bat” burutu du. Oraingo honetan “espainiar banderaren bahiketaren aldarrikapena” eginez Baionako Kontsuletxean. Ekintza, ostiral goizaldeko 4:30etan izan da Baionako BAB etorbidean

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko urriaren 25

Bizi-k banderaren bahiketa bere gain hartu du goizean eta honelaxe aditzera eman ere: “Bandera berriz itzuliko dugu baldin eta Espainiako Estatuak preso dituen bederatzi bahitu katalandarrak libratuak izanen badira”.

Mugimenduak “bandera ongi tratatua izanen dela hitza ematen dugu” esan dute agirian: “Demokraziari eta burujabetza herrikoiari lotua den bortizkeriarik gabeko mugimendu gisa, ezin dugu onartu bederatzi errepublikazale baketsu Espainiako Erresumako Monarkiak bahiturik atxikitzea”.

Agirian, besteak beste, salatzen dute, Europaren bihotzean, errepublikar hautetsiak kartzelatuak izatea biztanleriaren kontsulta bat antolatu dutelako, modu demokratikoan eta ez-bortitzean.

Azkenik, “isilik edo geldirik egoteak historiaren aurrean horren konplize bezala utziko gintuzke” adierazi dute.

Bizi-k bahitutako espainiar banderaren ordez, hauxe utzi du.