Bizi ! elkarteko 31 militantek BNP Paribas banketxeko agentzia bat okupatu dute azaroaren 16an Biarritzen. Banku horren zerga ihesa salatu eta mugimenduko kidea den Jon Palaisekin elkartasuna agertu nahi izan dute horrela.
2017ko urtarrilaren 9an epaituko dute Palais. 75.000 euroko isunari eta bost urteko kartzela zigorrari egin liezaioke aurre, Pariseko BNP Paribas-eko sukurtsal batean aulki bahiketaren bidez egindako protesta batzuetan parte hartzeagatik.
Oraingo honetan, aulkiekin sartu dira Bizi !-ko militanteak agentziara. Apostrophe telesailaren platoa berregin dute, eta zerga ihesaren kostu eta mekanismoei buruzko pasarteak irakurri dituzte, bertako langile eta bezeroek entzun dezaten. Paradisu fiskalak erabiltzen dituztenen zigorgabetasunari amaiera emateko proposamenak ere zerrendatu dituzte.
Horrez gain, masiboki mobilizatzera deitu dute Urtarrilaren 9an Akizen, bertan epaituko baitute Jon Palais. Hurrengo ekintza baterako hitzordua ere finkatu dute. Bizi !-k Baionan duen egoitzan izango da urtarrilaren 10ean goizeko 9:30ean. Mugimenduko zaleak aulki batekin hurbiltzera gonbidatu ditu elkarteak.