Amazon multinazionalak Baionako Monoprixen daukan “Amazon Hub” autozerbitzu gunea zigilatu du Bizi! mugimenduak asteazken goiz honetan. “Amazon saltoki ttipien hiltzaile” edo "Ez hemen, ez nehon" zioten kartelak erakutsi dituzte protesta egin bitartean.
Tokiko merkataritzan eta kliman daukan eragin negatiboa salatu asmoz, Bizi! mugimenduko hainbat kidek asteazken goiz honetan zigilatu egin dute Baionako Monoprix saltokian multinazionalak daukan autozerbitzu-kutxa. Amazonen webgunean egindako eskariak bertan jasotzeko aukera ematen du kutxa horrek eta ekintzaren bitartez salatu nahi izan dute multinazional estatubatuarrak nolako kaltea eragiten duen gure inguruan.
Ekhi Erremundegi Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetariak jaso du Twitter bidez protesta. Txio honetako bideoan entzun daitezke Bizi! mugimenduak ekintza hau egiteko erabili dituen arrazoiak.
Megafonotik ari dira ekintzaren zergatia azaltzen @bizimugi-ko kideak @berria pic.twitter.com/mY8YbHXSMI
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) November 18, 2020