“Hamar urtez, ezina ekinez egina” lemak adierazten du Bizi!-ren izaera. Beti Bizi. Urgentzia klima izena du berriz, hamar urte ospatzeko argitaratu duten liburua. Klimaren egoera larriak kitzikatuta abiatu zen mugimenduak jira-biran jarraitzen du Euskal Herrian eta munduan.
Bizi! mugimendu ekologistak Euskal Herrian zein kanpoan oihartzuna lortu du. Oihartzun hori entzunen da ekainaren 14tik 16rako asteburuan, Baionako Patxa Plazan, hamargarren urtemugaren ospakizunen karietara.
2009ko ekainean sortu zen. Bizi!-k bi xede nagusi zituen: klimaren aldeko ekologismoa sustatzea eta justizia soziala bermatzea. Hainbat urtemugak seinalatu dute bere bide eraginkorra: 2013ko urrian Baionan “10, 100, 1000 Alternatiba” deialdiak herrixkak antolatzeko eta saretzeko egitasmoa indartu zuen. Halaber, tokiko aldarrikapenek, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen aldeko borrokek, hala nola AHT zein Urre meategiaren kontrako ekimenek mugimendua indartu zuten. Bizi!-k halaber bere arrastoa utzi du mundu osoko ekimenetan, besteak beste, Alternatiba Tour, Faucheurs de chaises, Sortons Macron delakoetan.
Mugimenduaren ardatza klima aldaketaren afera da. Auzi horren bidez, arazoaren larria sarrarazi du gizartean, baita jendea askoren kontzientzia mugiarazi ere. Bizi!-ren ezaugarri nagusiak indarkeriarik eza, erabakitasuna, erradikaltasuna eta pragmatismoa dira.
Horiek horrela, Bizi-k borroka seriosa eraman du, baina umorea uztartu du berre ekintzetan. Izaera hori funtsezkoa izan da bere helburuetara emeki-emeki arribatzeko. Lurrak berotzen segitzen du eta gizarteko ezberdintasunak emendatzen. Horregatik beragatik, “alda dezagun sistema, ez klima” lemak segitzen du izaten Bizi!-ren berealdiko aldarrikapena.
“Borroka bai Festa ere bai!”. Serio eta umoretsu ari da mugimendua, baita festetan eta ospakizunetan ere. Kari horretara, Bizi!-ko kideak hiru eguneko festa eta ospakizunetan murgildu dira Lapurdiko hiriburuan, Baionan.