Ekainaren 14an Baionan euskal preso eta iheslarien Euskal Herriratzearen alde egingo den manifestaziorako atxikimenduak biltzen ari dira, “Ni ere banoa” ekimenarekin. Babesa adierazi diote Bizi! mugimendu altermundialistak eta Frantziako Estatuko zenbait lagun ezagunek, tartean dira, besteak beste, Pierre Tartakowsky Giza Eskubideen Ligako presidentea eta Bruno Solo aktorea.
Kazeta.info webgunean irakur daitekeenez, Bizi! Ipar Euskal Herriko talde ekologistak Euskal Herrian bakearen aldeko urrats berriak bultzatzeko deitu du Baionan “Giza eskubideak, bakea, konponbidea” lelopean egingo den manifestaziora. Euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien tratu diskriminatzaileak onartu ezinak direla esan du kolektiboak, eta beraz, presoak senideengatik ahal bezain gertu espetxeratuak izatea eta zigorraren hiru laurdenak beteta dutenak askatzea eskatu du.
Gaixotasun larriak dituztenak preso izateak, haiei eta haien familiei jasanarazten dien sufrimendua ere salatu du Bizi!-k eta salbuespenezko espetxe politikarekin bukatzea aldaketarako keinu ausarta izango litzakeela gaineratu du.
Estatu frantseseko zenbait pertsonalitate ezagunen atxikimendua
Beste hamabost lagunek ere euren babesa azaldu dute Estatu frantsesetik. Frantziako Gobernuari Euskal Herriaren bilakaera kontuan izan eta gatazkaren konponbiderako, bake prozesuan parte hartzen duten alderdiekin elkarrizketak bultzatzeko eskatu die.
Atxikimendua adierazi dutenen artean daude, besteak beste, Karim Lahidji Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko presidentea, Pierre Tartakowsky Giza Eskubideen Ligako presidentea, Jean-Jacques Gandini Abokatu frantsesen sindikatuko presidentea eta Jacques Gaillot apezpikua.
Arlo kulturaleko zenbait pertsonalitatek ere eman dute euren sostengua; hain artean daude, Marie Darrieussecq Baionako idazlea, Bruno Solo aktorea, Sorj Chalandon kazetari eta idazlea, Guy Bedos artista, Jean-François Bernardini musikaria eta Jules-Édouard Moustic komikoa.
Zebda musika taldekoak, Philippe Poutouk, Europear hauteskundeetarako Alderdi Antikapitalista Berriaren zerrenda-buruak, sindikatu ezberdinetako 60 bat kidek eta Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako hautetsi nagusiek ere adierazi dute jada beraien sostengua.