argia.eus
INPRIMATU
Bizi-iraundako tortura sexista salatu eta horren aurka borrokatzen dudalako jazartzen naute
  • Suitzan idatzitakoa eta Asteasun, azaroaren 20 iluntzean egin zen elkarretaratzean irakurritako gutuna.

Nekane Txapartegi 2019ko azaroaren 20a

Iepa etxeko, lagun eta pertsona solidario guztiei!

1999ko azaroaren 24an Soto del Real espetxetik atera nintzen fidantzapean. Hogei urte geroago, data berean, Suitzako espetxe batean egon naiteke...

Duela egun gutxi Bernan estradizio eskaera berri bat mahai gainean zegoela berretsi zidaten. Zigilua, 2016ko berbera: espainiar estatu torturatzailea. Berriro ere, akusazio berria (ekintza zehatzik gabe) inkomunikazio epean Madrilgo Guardia Zibilaren komisarian torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen da. Nire ideien aurkako jazarpen politikoak aurrera darrai, nire aurkako ehiza ireki da...

Orduan torturatzaileek nire emakume gorputza guda zelai bihurtu zuten eta orain, bizi-iraundako tortura sexista salatu eta horren aurka borrokatzen dudalako jazartzen naute!

Berriro, estatu espainiarraren eta patriarkatuaren indarkeriaren aurka borrokatzeagatik atxilotuko naute! Azken hogei urteetan gobernuak, presidenteak eta ministroak aldatu badira ere, errepresio aparatu osoak bere horretan dirau. Eta Francoren oinordeko Auzitegi Nazionalak errepresio horren geziaren punta izaten jarraitzen du. Sistema sexistak eta justizia patriarkalak eskarmentua eman nahi didate nire borroka feministagatik!

Ikusiko dugu zein aldetan kokatzen diren Suitzako agintari 'neutralak' oraingoan, torturaren aurka edo alde! Ezin baita orain artean bezala 'neutralitatearen' izenean torturatzaileekin kolaboratuz jarraitu...

Zuek urte guzti hauetan nire/gure alboan izan zarete eta horrek indarra ematen dit gure askatasunaren alde borrokan jarraitzeko!

Besarkada feminista eta iraultzaile bana!

*Nekane Txapartegi