argia.eus
INPRIMATU
Bizi ez da abertzalea baina ideia eta irudi abertzaleak instrumentalizatzen ditu

HerriBiltza 2023ko irailaren 25

“Iñon ez iñor menpekorikan nor bere buruaren jabe,

herri guztiok bat eginikan ez gabiltza gerorik gabe”.

Joxean Artze / Mikel Laboa

Horra “Burujabetza(k): zer lehenetsi nahi dugu” Bizi mugimenduaren irailaren 8ko idazkiari buruzko gure oharrak.

“Zintzoki, ez dago arrazoirik pentsatzeko Euskal Herria bezalako lurralde ttikiagoen subiranotasun instituzionala a priori hobea izango denik” erranez, Bizik argi uzten du burujabetasuna, hau da, instituzio burujabeak ukaitea, hots, independentzia, ez duela lehenesten, eta berriz ere ez du euskal populuaz hitz egiten baizik eta euskal lurraldeaz.

Gandhi independentistak Erresuma Batuko ordezkari gorenari Indiatik joan behar zirela erran ziolarik, ordezkariak, Erresuma Batua joaten baldin bazen, India burujabeak barne arazoak ukanen zituela erantzun zion; orduan Gandhik hau erran omen zion: “Baliteke barne arazoak ukaitea, baina azkenean gure arazoak izanen dira, ez zuenak”. Ildo beretik, ez dakigu instituzio burujabeekin Euskal Herriaren egoera hobea izango denetz, baina azkenean guk erabakitakoaren araberakoa izango da, eta zintzoki pentsatzen dugu instituzio burujaberik gabe egoera a priori txarragoa izango dela. Besteak beste horregatik abertzaleak gara. Hain zuzen, Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, abertzale izatea, euskal populu gisa gure burua gobernatzeko erakunde burujabeak aldarrikatzea eta eraikitzea da bereziki.

“Abertzale eta ez-abertzale direnek elkarrekin Euskal Herrirako lurralde jasangarri eta bidezko proiektu bera zehaztu dezaten lanean ari” dela dio Bizik. Guk, abertzale ez direnekin hitz egiten dugu, baina lehenik eta behin uler dezaten Frantziako eta Espainiako Estatuen agintariek Euskal Herria zapaltzen dutela; eta abertzaleekin herri gisa gure erakunde burujabeak eraikitzeko eta planeta desegiten ari diren kapitalistei aurre egiteko lanean ari gara, besteak beste.

Demokrazia errepresentatiboaren eta demokrazia parte hartzailearen kontzeptu engainatzaileei buruz Biziri egin dizkiogun kritikei, Bizik erantzuteak interesatuko gintuen, baina ez du egin.

Via Campesina 1996tik gora (eta ez 1993tik gora Bizik dioen bezala) elikadura subiranotasuna ideia hedatzen hasi zen. Bizik dio ideia horren ildotik doala. Alta, 2002an Erroman eta 2007an Malin antolatutako elikadura subiranotasunari buruzko munduko foroetan, elikadura subiranotasuna definizioak ondoko bi ideia hauek barne hartu zituen: populuen eskubidea autonomia osoz beren laborantza eta elikadura politika publikoak definitzeko eta egiteko; beharrezkoak diren tresna instituzionaletarako eskubidea.

Ez gara Bizik urriaren 7 eta 8an Baionan antolatzen duen ekitaldira joanen,
Villabonan izanen garelako, bertan Euskal Herrian Euskarazek ekitaldia antolatzen duelako, lema honekin: independentzia

Elikadura subiranotasunaren ideiak populuen instituzio burujabeen ideia barne hartzen du, beraz. Biziren egitasmoa ez doala ildo horretatik pentsatzen dugu, euskal populuaren bere burua gobernatzeko eskubidea ez baitu aipatzen.

Harritzen gaitu ikusteak Bizik bere “Euskal Herria Burujabe” dokumentua 2018an idatzi zuela ohartaraztea, orain kritika publikoa jaso duela eta, zaharkitua balitz bezala. Alta, Bizik urriko “Euskal Herria Burujabe” ekitaldia urtarrilean eta ekainean iragarri zuelarik, ekitaldi horren eta bere dokumentuaren arteko lotura agerian ezarri zuen. Gainera, 2018tik hona Bizik dokumentu horren hedapen publikoa behin eta berriz egin du, azkena joan den uztailaren 19an.

“Gure bizien baldintzen berreskuratze horri burujabetza erraten diogu” adieraziz, Bizik burujabetza ideia despolitizatzen du eta burujabetza ideiari bere erranahia ematen dio. Alta, Euskal Herrian burujabetza hitza bere egiazko erranahi politikoarekin (independentzia) aspaldian erabiltzen da. Ildo beretik, Bizik zazpi Euskal Herrien irudia lurralde erranahiarekin erabiltzen du, irudi horrek aspalditik euskal populu erranahia daramalarik.

Bizi mugimendua ez da abertzalea; horregatik, gure iritziz, “Euskal Herria Burujabe” lema erabiltzeari utzi behar lioke, lema guztiz abertzalea delako; ez balu uzten, abertzaletasuna edukiz husten segituko luke. Baina gure ustez, Bizik gauza hobea egin dezake: abertzale bilakatzea! Ongi etorri!

Ez gara Bizik urriaren 7 eta 8an Baionan antolatzen duen ekitaldira joanen, ez pentsatzen dugulako Biziren “Burujabe. Gure bizi baldintzak berreskuratuz” egitasmoak ez duela gure bizi baldintzak berreskuratzea ahalbidetzen (ikus egitasmo horri egin diogun bigarren kritika www.herribiltza.eus gunean), baizik eta egun horietan Villabonan izanen garelako, bertan Euskal Herrian Euskarazek ekitaldia antolatzen duelako, lema honekin: independentzia.

herriBiltzaren Euskal Herria Burujabe: Independentzia Batzordea