argia.eus
INPRIMATU
Klimaren arazoa salatu dute herriko etxeetan
Macronen argazkiak udaletxeetako paretetatik kentzeko deia egin dute Bizi! eta ANV-COP21 mugimenduek
  • Atzo, otsailaren 21ean, Action Non-Violente-COP21 eta bizi mugimenduek, Frantziako Errepublikaren presidente Macronen argazkiak eraitsi zituen Paris, Lyon, Uztaritz eta Biarritzeko Herriko Etxeetan. Macronen gobernuak klimaren arazoaren aurrean daraman politika geldia salatzeko ekintza.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko otsailaren 22a
Frantzia osoko udaletxeetan Macronen argazkiak paretatik jaistera eta konfiskatzera deitu dute Bizi eta ANV-COP21mugimenduek.

Ekintza honen bidez, Parisko hitzarmenean klimaren arazoa konpontzeko hartu ziren neurriak izoztu izana salatu nahi izan dute bi mugimenduetako kideek.

Frantziako Gobernuaren erantzuna berehala etorri da. Lurralde elkargoen ministro Sébastien Lecornuk “fermuki salatu ditu ekintzak”. Onartezintzat jo du udaletxeetan sartzea eta Errepublikaren presidentearen irudia deitoratzea. Are gehiago, ministroak salatu du Macronen irudia mediatikoki erabili izana. “Alternantzia politikoak beharrezkoak direla esan du, baina ez Errepublika desorekatzea bilatzen dituzten ekintza sinbolikoak”.

Bizi eta ANV-COP21mugimenduek, aitzitik, Parisko Hitzarmenean hartu ziren erabakiak, klimaren berotze gero eta handiagoa geldiarazteko neurriak, bertan behera utzi izana salatu dute: "Eskandalagarria da", erran dute ekintzaile hauek. Mugimendu bien esanetan, populazioa mehatxatuta bizi izatea benetako mehatxua da, eta ez euren ekintza baketsua.

Mugimendu hauen ustez, Macronek Parisko akordioen helburuak traditu ditu: "Parisen izan zen COP 21 delako goi-bileran, klimaren berotzea –industria aroko + 1,5 beroketa– apaltzeko neurriak iragarri ziren, eta apaldu beharrean, beroketa + 2 izatera pasa da. Beroketa apaldu beharrean, igo da.

Bizi et ANV-COP21 mugimenduek Sébastien Lecornu ministroa hala nola ekonomia eta finantza ministro Bruno Le Maire-ri eskatu diete beren mehatxu jarrerak baztertzeko. Era berean, Frantzia osoko udaletxeetan Macronen argazkiak paretetatik jaistera eta konfiskatzera deitu dute mugimenduek .