Zortzi hitzaldi eta tailer eskainiko ditu Askapenak, nazioarteko hizlariekin.
“Bizi Elkartasun Internazionalista” jardunaldiak antolatuko ditu Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak Hernanin, ekainaren 11, 12 eta 13an. Ostiraletik igandera bitartean, hainbat hitzaldi eta tailer eskainiko dira, eta elkarteko kideez gain, nazioarteko hainbat ekintzailek eta militantek hartuko dute parte.
Antolatutako zortzi hitzaldiak Biteri Kultur Etxean eta Tilosetan egingo dira. Tailer formatuan eskainiko dira horietako asko. Bestalde, igandean, eragileen eta artisauen azoka eta okupazioa eta horren ostean eraikitzen den mundua irudikatzeko ibilbide tematiko bat ere egingo dira. Ekintza guztiak daude ikusgai jardunaldiko egitarauan.
Hizlariak nazioarteko egoeraz hitz egingo duten erakundeak eta horien bozeramaileak izango dira. Panafricanism Today elkarteko kide Mikaela Nhondo Erskog, Boliviako militante Rene Behoteguy, Greziako KOE antolakundeko Jason Kostopoulos, Euskadi-Cubako José Manzaneda eta Milagros Acea eta Sahararen aldeko ekintzaile Garazi Hach Embar dira horietako batzuk.
Izaskun Goienetxea Askapenako kideak adierazi digunez, jardunaldiaren helburuak “internazionalismoaren beharrezkotasuna mahaigaineratzea” eta “bere baloreen inguruko hausnarketa plazaratzea” izango dira. Ekitaldian, internazionalismoaren oinarriak eztabaidatuko dira, eta Euskal Herriaren emantzipazio prozesuan nola joka dezaketen aztertu.
Bestalde, Goienetxeak azaldu du garrantzitsua dela zuzeneko parte-hartzea bultzatzea, eta elkartetik presentzialtasunari eman nahi diotela lehentasuna. Jardunaldia streaming bidez jarraitu ezingo bada ere, hitzaldiak grabatu eta geroago emitituko dira.
“Bizi Elkartasun Internazionalista” jardunaldietan izena-emateko, elkartearen webgunera jo daiteke. Guztira, 110 plaza daude.