argia.eus
INPRIMATU
Bizi Dantza ikuskizunean bildutako dirua Lizarraldean euskara sustatzeko bideratuko dute
  • Oteitzan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskainitako ikuskizunean bildutako diruarekin zer eginen duten azaldu du Garean elkarteak. Lizarraldean euskara sustatzeko bideratuko dute. Batetik, Remontival ikastetxeko D ereduak 25 urte betetzen ditu aurten; Lizarra Ikastolak 50 urte eta Nafarroa Oinez. Biak ala biak ospakizun lanetan dabiltza. Hortaz, irabazien heren bana emanen diete. Bestetik, azken herena eskualdeko Irriherri elkarte senideari luzatuko dio Gareanek.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2020ko otsailaren 18a

Lizarrako Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizi Dantza ikuskizuna herriko kiroldegian egiteko baimenak ukatu eta gero sortutako polemika eta arazo guztiak izan dute alde positibo bat. Oteitzan egindako emankizunean bildutako elkartasun eta diru guztia Lizarraldean euskara sustatzeko bideratuko da. Zehazki, heren bana Remontival ikastetxea eta Lizarra Ikastolarentzat, eta beste herena eskualdeko Irriherri elkarte senideari luzatuko dio Gareanek, Oteitzan Euskararen Eguna antolatzeko.

Remontival ikastetxeko D ereduak 25 urte betetzen ditu aurten, eta Lizarra Ikastolak 50 urte, eta gainera Nafarroa Oinez ospatuko da aurten Lizarran. Biak ala biak ospakizun lanetan dabiltza. Hortaz, irabazien heren bana emanen diete. Bestetik, aurtengo Lizarraldeko Euskararen Eguna Oteitzan bertan ospatuko ote den ari dira aztertzen. Azken herena eskualdeko Irriherri elkarte senideari luzatuko dio Gareanek, Oteitzan Euskararen Eguna antolatzeko eta, hala ez balitz, euskararen alde egiten duen lanean jarraitzeko.