argia.eus
INPRIMATU
Bizi baldintzen gogortzea eta pribatizazioaren areagotzea izan dira Talaia Feministaren 2023ko ondorio nagusiak
  • Otsailaren 17an ezkerreko 170 emakume feminista subiranista elkartu dira Oreretako Lekuona aretoan, 2023ko sei gertakari aztertu eta Talaia Feministaren behin betiko txostena adosteko. Euskal Herriko trantsizio feministarako proposamenak egiteko lehen pausotzat jo dute dosierra osatzea.

Leire Artola Arin 2024ko otsailaren 19a
Lantaldeetan eztabaidatu dute Talaia Feministako behin betiko dosierrari ekarpenak egiteko. Argazkia: Talaia Feminista.

Nola irakurri dute 2023. urtea emakume feminista eta independentistek? Zer joera ikusten dira eta non islatzen da hori? Zein gertaera zehatzetan? Nola berrasmatzen eta berrartikulatzen ari da patriarkatua? Galdera horiei erantzuten jardun dute Talaia Feministako talde sustatzaileko 36 emakumek azken urtean, eta larunbatean itxiera eman diote lehen dosierrari, Oreretako Lekuonan elkartutako 170 pertsonaren eztabaida eta ekarpenen bidez. Batetik, “euskal feminismoaren eragin gaitasuna” azpimarratu dute, eta bestetik, “bizi baldintzen gogortzea, ongizatearen pribatizazio bortitza eta euskararen aurkako oldarraldia” izan dira nabarmendu dituzten hiru joera koiuntural.

Larunbateko Talaia Feminista Unea baliatu nahi izan dute Euskal Herriko analisi koiunturala “modu kolektiboan” eztabaidatzeko, Maider Barañano eta Amaia Perez Orozco bozeramaileek azaldu dutenez. Euskal Herria ikuspegi feministatik analizatu eta trantsizio feministarako tresnak eskaintzeko asmoz osatu dute lehen txostena, eta urtero egitekotan dira. Kizkitza Gil de San Vicentek azaldu du lehen urte honetan –2022ko abenduan sortu zuten Talaia Feminista– ezin izan dutela proposamen zehatzik egin Euskal Herrian trantsizio feminista sustatzeko, baina datorren urtean horretan jarriko dutela indarra. Datozen asteetan behin betiko dosierra jendarteratu nahi dute, eta sindikatu, eragile eta herri mugimenduei helaraziko diete, tresna gisa erabil dezaten.

Urtea markatu duten sei gertakari

2023ko ondorengo sei gertakari hauek aztertu dituzte, “emakumeen bizitzetan gertatzen diren gauza zehatzetan ikusten delako sistema patriarkal eta koloniala”: eguraldia eta klima larrialdia, Greba Feminista Orokorra, bizitzen garestitzea, indarkeria matxista, euskararen aurkako oldarraldia, eta abayaren debekua.

Dena den, argitu dute ikuspegi holistikoa kontuan izan dutela, “aztertutako gertakariak elkarlotzen direlako eta patriarkatua prozesu zehatzen bidez berreraikitzen den sistema delako”. Patriarkatuaren aurrean antolatutako erresistentziak ere “elkar txirikordatzen” direla ondorioztatu dute. Urtebetean egindako analisi eta hausnarketak laburbildu dituzte hainbat arlotan esperientzia duten sei emakumek (Edurne Benito, Jule Goikoetxea, Amaia Perez Orozco, Lorea Agirre, Maite Barreña eta Elorri Arin), oholtza gainetik. Jarraian, gaikako lantaldeetan bildu dira 170 bat emakume, eta behin betiko dosierra egiteko azken ekarpenak eztabaidatu dituzte.

Greba Feminista Orokorrak, bizitzen garestitzeak eta indarkeria matxistak izan dute interesik handiena, eta bina lantalde osatu dituzte gai horiek lantzeko; besteetan, bana. Maider Barañanok prentsari azaldu dio bertaratutakoen aukeraketak errealitateari erantzuten diola, eta erakusten duela sakoneko zer joera dauden.

“Hausnarketa oso handia izan da, eta Euskal Herria bere aniztasun osoan hartzen duen dosier osoa egitea oso konplexua da”, aitortu dute Talaia Feministako sustatzaileek. Lekuona aretoa bete dute sei lurraldetako (Nafarroa Behereko inork ez du parte hartu) emakume feminista eta independentistak, horietako asko aurpegi ezagunak direnak Euskal Herriko feminismoan, herri mugimenduan edota politikagintzan jardun dutelako. Talaia Unea Mirari Martiarenaren bakarrizketa eta musika saioa entzuten amaitu dute.

Behin behineko dosierraren sei puntuak aurkeztu eta ondorioak azaldu dituzte Talaia Feminista Unea abiatzeko. / Argazkia: Talaia Feminista.
Erresistentziak antolatzeko gaitasuna

Barañanok aurkeztu ditu ondorioak, eta gogorarazi du gako horietan eragitea funtsezkoa dela Euskal Herri burujabea eraikitzeko. Atzerapauso eta aurrerapausoak identifikatu dituzte. Alderdi negatiboak dira, besteak beste, bizi baldintzak gogortzea, krisi ekologikoa, bizitza garestitzea eta prekarietatea sakontzea, eta ondorioz ezberdintasunak areagotzea, emakumeen artekoa barne. “Pribatizazio prozesu gogorraz” ere ohartarazi du Barañanok, emakumeen lan-karga handitzen baitu, besteren artean: “Despribatizazioa ezinbestekoa da. Bizitzen jarraitu ahal izateko ongizatearen ardura familietatik eta etxeetatik atera behar da”. Bestalde, ondorioztatu dute “indarkeriaren eta beldurraren erabilera” dimentsio guztietan handitu dela, batik bat eliteen eta “inpugnatutako sektoreen erreakzio” gisa (euskararen aurkako oldarraldia, eskuin muturraren agenda normalizatzea...).

Alderdi positiboetan, aldiz, txalotu dituzte “erresistentziak, askotan tokian tokikoak, antolatzeko gaitasuna” eta “euskal feminismoak agenda markatzeko eta eragiteko duen gaitasuna”. Sektore ezberdinen arteko elkarguneak sortzea aurrerapausotzat jo dute, hala nola Greba Orokor Feministan edo indarkeria kasuen aurrean egin den bezala, Barañanok zehaztu duenez.