Ostiralean, martxoak 25, burututako ekintza deialdiarekin estreinatu ditu Bizi mugimenduak petroliogintzako multinazionalen kontrako protesta deigarriak Biarnoko Pauen. BP, Exxon, Repsol, Total, Shell eta gainerako ekoizle erraldoiek apirilaren 5etik 7ra Pauen egingo duen biltzarra eragotzi nahiko lukete ekologistek.
Erregai fosilen ustiaketan liderrak diren multinazional handienak bilduko ditu MCE Depwater Development 2016 kongresuak, goiburu hau daramanak: “Atzeraldia kudeatu kostu murrizketak lortuz”. Itsasoko ur oso sakonetan erregai eskuragaitza ateratzen ari diren gas eta petrolio ustiatzaile nagusiak bilduko dira Pauen eta horiekin sakonera handiko zundaketetan berezitutako konpainiak.
Aurrez aurre edukiko dituzte Bizi, de Nation Océan eta ANV-COP21 taldeetako kideak, salatzen baitute ur oso sakoneko erregaien ustiatzaile horiek are kalte larriagoa egiten diotela planetari. ANV-COP21ko Cecile Marchandek salatu duenez, “COPT21 iragan eta lau hilabete eskasera erregaien korporazioek ez daukate hain lotsagabeki jokatzerik, mundu osoko estatuek klimaren inguruan onartutako itunak zanpatzera etorriz. Herritarrek mobilizatu behar dute ez onartzeko COP21ean itundutakoak letra hil bilaka daitezen”. Erregai fosilak lurpean laga beharra berretsi dute aste honetan eta datorrenean segida izango duten protesten antolatzaileek.