argia.eus
INPRIMATU
“Bixitxi marabilli re”
  • "Bixitxi marabilli re" esaten zuen Aitzol Aramaio zinemagileak. Haren omenez, sortu zuten Marabilli sormen festibala. Gaur bigarren edizioari ekingo diote Ondarroan. Lau egunez, bideo sorkuntzaz, musikaz eta literaturaz gozatzeko aukera izango da.

     

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 10
Marabilli jaialdiaren kartela

Haren baikortasunarengatik izan zen ezagun Aitzol Aramaio zinemagilea. Hil ostean, sormen jaialdia antolatu zuten haren lagun eta senideek eta zinemagileak horren gogoko zuen 'marabilli' hitza hartu zuten. Izan ere, antolatzaileen iritziz, marabillik, hainbat gauza esan nahi du, “artearekiko maitasuna, baikortasuna eta bizizaletasuna”, besteak beste. Hitzak, beraz “jaialdiaren filosofia laburbiltzen du”. Aurreko urteko arrakastaren ostean, bigarren edizioa martxan jarri dute.

Alor jakin bati buruzko jaialdia egitea baino, hainbat arlotako jendea biltzea “dibertigarriagoa” iruditu zaie antolatzaileei. Beraz, sormen jaialdia da, hitzaren osotasunean: horregatik, besteak beste, musikariek, idazleek, antzekigileek, artista plastikoek eta diseinatzaileek parte hartuko dute.

Ostegunean, goizean goiz ekingo diote jaialdiaren lehenbiziko egunari. 12:00etan Agur esatea dokumentala proiektatuko dute. Marabilliren aurkezpen ofiziala, baina, arratsaldean izango da. 19:30 hasiera ekitaldia antolatu dute, Manuel Elu eta Kresala musika taldeak giroturik.

Eguneko ekitaldi nagusia Sormena 10 minutuan izeneko saioa da. Hainbat artistak hartuko du parte eta 10 minutuz sortzen arituko dira. Honako hauek dira partehartzaileak: Oier Lertxundi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Nagore Aranburu, Unai Iturriaga eta Pantxo Bedilauneta.

Fernando Leon eta Asier Altuna

Ostiralean ere ekimen mordoa egongo da. Bostok argazki taldearen aurkezpena da eguneko ekintza interesgarrienetariko bat. Bestalde, gauean, Fernando Leon de Aranoa eta Asier Altuna zinemagileek solasaldia edukiko dute “zinemaz eta bizitzaz”.

Amaren eskuak proiekzioa

Larunbatean, Ondarroako sortzaileen lanak erakusgai jarriko dituzte. Amaren eskuak filma ere proiektatuko dute; gainera, bertan izango dira Karmele Jaio idazlea, Mireia gabilondo zuzendaria eta Loli Astoreka antzezlea.

#ResistOndarru, Zubi herria harrizko irri

Igandearekin emango diote amaiera Marabilliri. Urtza Alkortaren atxiloketaren inguruan, Davide Figueirasek zuzendutako #ResistOndarru, Zubi herria harrizko irria dokumentalaren estrenaldia da eguneko ekimenik aipagarriena.

Aipatutako ekintzez gain, egunero kontzertuak, kale ekimenak, antzerkia, hitzaldiak, dokumentalak eta beste hainbat zer egin izango da. Egitarau osoa hemen.