argia.eus
INPRIMATU
Bixente Serrano Izko idazle eta historialaria hil da 72 urterekin
  • Koldo Martinez Geroa Baiko senatariak jakinarazi duenez, Bixente Serrano Izko hil egin da. Itza udalerriko Saratsan jaioa, Serrano gaztetatik inplikatu zen Frankismoaren aurkako borrokan eta figura inportantea izan da Nafarroako euskaltzaleen artean.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 04a
Bixente Serrano Izko (1948-2020). Argazkia: Gerinda Bai.

Frankismoaren amaieran ETAko kidea izateagatik atxilotu eta preso sartu zuten Serrano Izko. Segoviako espetxean giltzapetu zuten eta, hain zuzen, kartzela horretatik ETAko hainbat kidek egindako ihesaldi ezagunean parte hartu zuen, nahiz eta harrapatu egin zuten. Ondoren ETA politiko-militarreko kide izan zen, talde armatua utzi eta Euskadiko Ezkerran sartu zen arte.

Alderdi horrek PSErekin bat egiteko akordioaren ondoren, alderdia utzi zuen eta Historia klaseak eman zituen Iruñeko ikastetxe batean. Ez zion ordea Euskal Herriko gaurkotasun politikoa jarraitzeari utzi, hainbat hedabidetan –horien artean ARGIAn– urte askoan idatzi dituen artikuluek erakusten duten moduan.

2000ko hamarkadan itzuli zen politikara eta birritan izan zen Espainiako Senaturako hautagaia Nafarroa Bairekin (2004an eta 2008an). Geroa Bairen 2011ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetako zerrendan bigarren postuan egon zen, Uxue Barkosen atzetik. Eta hain zuzen horregatik, 2015ean Espainiako Diputatuen Kongresuan ere aritu zen, Barkosek Nafarroako lehendakaritza hartu zuenean.

Ibilbide politikoa bakarrik ez da aski, ordea, Serrano Izko izan dena ulertzeko. Idazle gisa egindako ekarpena ere kontuan hartu behar da, batez ere saiakeragile gisa: Beldurra bera zaldi (Pamiela, 2002), Bakezale gerlari horiek (Pamiela, 2004), Benetako bakea helburu, ez dago baketzerik (Pamiela, 2004) eta Nafarroa. Historiaren hariak (Euskal Kultur Elkargoa, 2005) liburuak utzi ditu, baita Jauzika aforismo liburua (Pamiela, 2010) eta Onkoteak (Pamiela, 1987) narrazio liburua ere.

Aurtengo martxoan argitaratu zuen bere azken artikulua ARGIAn, “Distortsioak” izenburupean, zeinean hitz egin zuen Nafarroako foru-zuzenbide zibilaren gaurkotzeaz eta Espainiako marko juridikoarekin izaten ari den talkaz.