argia.eus
INPRIMATU
Donostia Zinemaldia. 3. eguna
Bitxikerien artean harribitxiak

Ixone Santamaria 2022ko irailaren 19a
\'Cuerdas\' filmeko fotograma.

Gaur konturatu naiz, lehen aldiz, oharkabean sailka antolatu ditudala kronikak. Herenegun Perlak saila izan zen, atzo Horizontes Latinos eta, gaur, Zabaltegi-Tabakaleraren txanda heldu da. Zinemaldiko web-orriaren hitzetan, azken hau “begirada eta molde berriak bilatzen dituen zinemari leku egiten dion saila da; eremu ireki eta arriskatua zinez". Hizkuntza arruntean jarrita, pelikula arraroenen atzean dabilenak, hementxe lortuko du bere nahia asetzea.

Goizean abiatu naiz Tabakalerara eguneko lehen filmak ikusteko. Eraikinaren kanpoaldean, jenio maltzur batek deitua bezala, eszena arraroarekin egin dut topo, ezin Zabaltegi-Tabakalerakoiagoa. Batzuk besteetatik oso gertu, egunotan Donostiako zenbait kale okupatu dituzten bi hiri-tribu bitxienetarikoak begiztatu ditut. Alde batetik, Zinemaldiko akreditazio txartela ohean sartzeko ere kentzen ez duten gazteak; bestetik, Egiako jaietatik bizirik irten diren azken gaupaseroak. Ikuskizunak eragindako irribarrea soinean, aretora zuzendu eta, han ere, sorpresa galanta hartu dut beste gizaseme espezie xelebre batez inguratuta nengoela deskubritu dudanean: argentinarrak. Zer arraio egiten dute Tabakaleran, igande goiz honetan, Argentinako biztanleen (gutxienez) ehuneko berrogeita hamarrak?

Bitxikeriak bitxikeria, pantaila piztu eta Estibaliz Urresolak zuzendutako Cuerdas laburmetraia izan dugu ikusgai. Lantegiko hauts eta kearekin kutsatutako herrian, emakumeen abesbatzako kideek erabaki garrantzitsua hartu behar dute: enpresa kutsatzailearen subentzioa onartu eta koroaren biziraupena bermatu edo bizilagunak pozoitzen dituen enpresaren limosnari uko egin eta, diru faltagatik, koro taldea desagertzen ikusi. Itxuraz sinplea dirudien premisaren gainean, guztiz irmoa den kolpea jotzen du Urresolak, Rita (91 urteko Begoña Suarez) protagonistaren itxura zaurgarriak egia gordinak gordetzen baititu. Aurkezten den erabakiaren mamia ere ez da batere xaloa: enpresa etikoen existentziaren inguruko debateari atea irekitzen dio. Esan nahi duzun hori argia eta zentzuz betea denean, ez dira beharrezkoak, ez zinta luze, ez apaingarri deigarririk; film hau dugu horren adibiderik finena.

Indarrez txalotu dudan Cuerdas amaitu eta, segidan, Diarios filma hasi da, Andrés di Tella zuzendari argentinarraren (hortxe, akaso, nire buruari egindako galderari erantzuna?) ekarpena. Di Tellaren eguneroko zabala osatzen dute orotariko grabaketek, etxeko bideo esperimental zein artxibo filmiko historikoek. Zuzendariaren off-ahotsak uztartzen ditu irudiok, gehienetan haien artean zerikusi gutxi dutenak. Arriskutsua da oso di Tellak dakarren proposamena eta, nire iritziz, ez du bere helburua lortzen. Hala, bikaintasun izpiek noizbehinka dir-dir egiten badute ere, irudi baten eta bestaren arteko koherentzia faltak larriki zauritzen du filma. Poetikoak izateko asmoa duten irudien eta hausnarketa sasifilosofikoen nahaspila bihurtzen da, zoritxarrez.

Tabakalerara itzuli naiz arratsaldean Piaffe alemana ikustera. Adi laburpenari: zaldiaren trosta perfektuki erreproduzitu behar duen foley (edo gerora grabatutako soinu-efektu) enkarguarekin obsesionatzen da Eva (Simone Bucio). Obsesioaz gain, zaldi buztana ere hazten zaio protagonistari eta, buztan sentsualari esker (sentsuala bezain sexuala baita Evaren buztana), limurtzen du iratxeetan aditua den botanika doktorea. Aldrebestua, ezta? Dirudienaren kontra, baina, zentzugabekeria arbitrariotik urrun dago Ann Orenen lehen film luzea den Piaffe. Originala da Orenen hasierako ideia, eta azken xehetasuneraino landua amaierako produktu deseroso bezain kitzikagarria. Plano bakoitzaren edertasun bisual harrigarriagatik, han-hemen agertzen den umore zinikoagatik eta, orotara, absurdora daraman kontakizun axolagabeagatik da hain erakargarria pelikula hau, Evak dantzatzen duen tekno musikaren bulkadak bezain basatia.

Amaitzeko, gaurko kronikako azken hitzak Piaffe ikusi bitartean nire aurrean eserita zeuden aiton-amona maitagarriei eskaini nahi dizkiet, arratsalde lasaia pasatzeko asmoz zinema saiora gerturatu diren horiei. Haientzat bai izan dela gaurkoa arratsalde bitxia.