argia.eus
INPRIMATU
Bitarteko langile publikoak finko egiteko ate bat zabaldu du Nafarroako Auzitegi Gorenak
  • Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Sozialeko Salak lehenbiziz erabaki du Iruñeko Udaleko bitarteko langile bati behin-betiko kontratua egin beharko diola udalak, bere garaian egin zuen enplegu eskaintza publikoa gainditu zuelako eta, besteak beste, urte asko daramalako lanean lanpostuan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko apirilaren 12a

Iruñeko Udaleko ospitalean egiten du lan langileak eta 2004an gainditu zuen bere enplegurako ezarritako froga, baina ez zuen plaza lortu. Bederatzi urtez ari da lanpostuan lanean. Orain Nafarroako Auzitegi Gorenak erabaki du administrazioak finko egin beharko duela, funtsean, bere garaian lanpostu horretarako sortutako proba gainditu zuelako, plaza behin-betiko lanpostu baterako zelako, behar adina urte daramalako lanean lanpostu horretan eta, gainera, frogatua duelako bere gaitasuna lan horretarako.

Lanpostu publikoen behin-behinekotasun mailan handia dela eta gaia aspaldikoa da lan epaitegietan, eta areagotu egin da Europar Batasunetik Espainiako Estatuari berariaz eskatu zaionean administrazioan duen behin-behinekotasun handia murrizteko. Horrelako epaiak ohikoak izan dira sozial arloko auzitegietan, baina Nafarroako Gorenak hartzen duen lehena da, eta horrek ateak irekitzen die administrazio publikoan antzeko egoeran dauden langile askori.

Ez hori bakarrik, kasu hau eta honen gisako beste asko aurrera eraman dituen José Luis Beaumont abokatuak Diario de Noticias-i adierazi dionez, hurrengo erronka litzateke behin-betikotasuna lortzea administrazio publikoan urte asko lanean ari diren pertsonentzat, baldin eta betetzen dituzten lanpostuak behin-betiko izaera duten eta hura betetzeko gaitasuna erakutsi badute.