argia.eus
INPRIMATU
Herritarrek birziklatzeko emandako arropa tonak Ziordian botata agertu direla salatu dute
  • Gurelur talde ekologistak salatu du Euskal Autonomia Erkidegoan nagusiki eta Gipuzkoan bereziki birziklatzera botatzen diren arropa tonak Ziordiako (Nafarroa) industrialde baten bota dituztela. Moyua taldeko Ekotrade enpresari egotzi diote ardura ekologistek. Astigarragan du egoitza.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 03a
Argazkia: Gurelur.

Arropa birziklatzearen arduraduna den enpresari leporatu diote arropa legez kanpo botatzea, tonak garraiatzen dituzten kamioiek enpresaren izena baitaramate. Nafarroako Gobernuari zuzendu diote auzia konpontzeko eskakizuna, Ziordiako udal gobernua laguntzeko prest azaldu bada ere, arropa kantitatea “handiegia” omen baita udalaren gaitasunentzako.

Horrez gain, EAEko eta Nafarroako Gobernuei “inguruneari egindako kaltea” dela eta erantzukizun legal eta administratiboak eskatzeko exijituko die talde ekologistak.

Era berean, salatu dute batutako arropa kopuru handia dela eta,  aipatutako enpresak luzaroan daramala arropa birziklatu gabe eta hondakinen pilaketarekin batera Nafarroako gunerik kutsatuena bihurtu dela Ziordakoa, bisualki behintzat.