argia.eus
INPRIMATU
Birusa suntsitzeko... gastatu
  • Munduko ekonomiaren guruek (Nazioarteko Diru Funtsa, ELGA, Munduko Bankua…) baztertu egin dute osasunaren eta ekonomiaren arteko dilema, faltsua delakoan, eta lehentasuna birusa akabatzea dela onartu dute. Horretarako, munduko ekonomiak animatu dituzte borroka horretan gastatzera, BPGren gaineko zorraren ratioez arduratu gabe. Guru horiek bizkorrak dira, badakitelako ekonomiak ezin duela birusarekin funtzionatu.

Juan Mari Arregi 2020ko azaroaren 05
Gastatzeko eskatu dute ekonomia guruek, baina zertan? Gaur egun, lehentasunezkoa ez da ekonomia salbatzea, baizik eta pandemiarekin amaitzeko beharrezko gastua egitea (arg. ELGA)

Angel Gurria Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako (ELGA) idazkari nagusiak adierazi duenez, "Osasunaren eta ekonomiaren arteko dilema faltsua da, ez dezagun denbora gehiago galdu... baliabide guztiak erabili behar dira pandemiari aurre egiteko eta arintzeko". 2008ko krisiaren kudeaketaren esperientzia negargarriarekin, Gurriak honako hau adierazi du: "NDFk gastatzen jarraitzeko esaten duenean, ez dira erotu, ulertzen dute –eta ulertzen dugu– lehentasuna dela birusa akabatzea. Krisi honen arazoa da aurrera doan egun bakoitzean arrasto ekonomiko, finantzario eta soziala uzten jarraitzen duela. Birusari aurre egiten edo birusaren agerpenak arintzen gastatzea askoz ere emankorragoa, erabilgarriagoa eta merkeagoa da pasatzen uztea baino, eta BPGren gaineko zor ratioengatik kezkatuta egotea baino".

Beraz, gobernuek, munduko erakunde horien orientabideei beti leial, orain badakite. Gaur egun, lehentasunezkoa ez da ekonomia salbatzea, baizik eta pandemiarekin amaitzeko beharrezko gastua egitea: mediku eta erizain gehiago, lehen mailako arreta hobea, medikalizatutako egoitza hobeak, osasun-produktuetan inbertitzea; koltxoi ekonomiko eta soziala lana uztera behartuta dauden langileentzat; arreta hobea ematea gizartean baztertuta daudenei eta pilatuta bizi diren migratzaile ekonomiko eta politikoei.

Bien bitartean, zorra ahaztu eta obra faraonikoen gastuak ezabatu beharko lituzkete (AHT, Donostiako metroa, Guggenheim berriak...), baita oraindik ere ezin ulertuzko moduan hazten ari diren industria militarrarekin zerikusia duten gastu guztiak ere.