argia.eus
INPRIMATU
Birusa eta gizarte kapitalista
  • Oscar Garcia Jurado ekonomian doktore eta Andaluziako Autonomia Sur kooperatibaren sortzaileetakoa da eta Talaios kooperatibako kide kolaboratzaile ere bada. Esparragos y Tagarninas blogean bost puntuko artikulu argigarria idatzi du koronabirusa eta gizarte kapitalistaren dogma "ukaezinen" inguruan.

Oscar GarcĂ­a Jurado 2020ko martxoaren 12a

Bat: Koronabirusa etorkizunean sortuko diren patogeno are hilgarriagoetako bat da. Badirudi jatorria animalien birusa gizakiei transmititzean dagoela; enpresek etekinak bilatzen dituzte industria-nekazaritza intentsiboaren bidez, eta horrela, animalia basati exotikoen haragi-merkatuak zabaltzen dira.

Bi: Ez gaitezen engaina, birusak eragindako gaixotasun eta heriotzak ez dira kezkatzekoak Kapitalaren estrategentzat; goseak eta saihestu daitezkeen gaixotasunek urtero eragindako milaka heriotzak ez diren bezalaxe. M. Roberts berak ere entzun du argudioa "kapital finantzarioaren suite exekutiboetan: pertsona zahar eta inproduktibo asko hiltzen bada, horrek produktibitatea handitu lezake… gazteak eta produktiboak direnak gehiago biziko direlako!". Logika kapitalista bete-betean. Pentsioen "iraunkortasunerako", besteak beste oso positiboa izan liteke adineko pertsonek gutxiago irautea. Kezka burtsako merkatuei, irabaziei eta ekonomia kapitalistari egin dakiekeen kalte potentzialean zentratzen da; epidemia hori atzeraldi edo depresio handi baten eragilea izan ote litekeen, lehenengoa 2008-2009 urteetako Atzeraldi Handiaz geroztik.

Hiru: Birusen izurritean naturak zerikusia izan dezaken arren, heriotza kopurua giza ekintzaren araberakoa da: ekonomiaren egitura soziala; azpiegituren eta medikuntzako baliabideen maila; eta gobernuen politikak. Horregatik, Estatuak zerbitzu publikorik kasik ematen ez duen ekonomietan erabateko deskontrolaren beldur dira, hala nola AEBetan –gastu publiko handia dago, baina alor militarrean–.

Lau: Arazo honen konponbideak auzitan jartzen du ekonomia eta gizarte kapitalistaren dogma ukaezina: lehiakortasunaren ontasuna eta etekin ekonomikoaren bilaketa. Dean Bakerrek horrela adierazi du: “Mundu osoko jendea txertoa ahalik eta azkarren garatzeko lanean ari da. Albiste txarra da denak elkarrekin kolaboratzen aritu beharrean, elkarren artean lehian ari direla”.

Bost: Egungo osasun krisia une aproposa da ekonomia kapitalistari erasoegiteko: aurre egiteko merkatuaren dogmari; soilik soldatapeko gisa ulertzen den lanari; lehiakortasuna, truke balioa, jabetza pribatua eta irabaziak helburu dituen horri. Baina gertatzen da lehen ere inokulatu zela birus hilgarri eta erreakzionario bat: birus kapitalistaren aurkako jarrera akritikoa.