argia.eus
INPRIMATU
Birjintasun froga egingo diete soldadutzara joango diren emakume marokoarrei
  • Marokoko ministroen kontseiluak joan den astean jarri zuen indarrean soldadutzaren legea. Horren arabera, nahitaez egin beharko dute soldadutza hamabi hilabetez 19-25 urte bitarteko gazteek. Soldadutzara joan orduko birjintasun froga eginaraziko diete emakumeei.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 31
Marokoko armada

Beste herrialde musulman batzuetan egiten duten gisan, soldadutzara joango diren emakumeei birjintasun froga egitea erabaki du Gobernuak. Gainera, emakumea birjina izan ezean bere familiari jakinaraziko diote, “ez dezan esaterik izan soldadutzan bortxatua izan dela”.

10.000 gazte marokoar baino gehiago bildu dira soldadutzaren aurkako facebookeko talde batera. Salatu dutenez, Rabateko Gobernuak eztabaida eta elkarrizketa gabe hartutako erabakia da. Abdelah Nizar soldadutzaren aurkako facebook taldearen sortzaileak EFE agentziari azaldu dionez, egoera sozial, politiko eta ekonomikoarekin kritiko diren gazteak menderatzeko asmoz ezarri dute legea. Gaineratu duenez, hartutako neurria “demokrazia faltaren ondorio” da.

1966an sartu zen indarrean lehenaldiz Marokon soldadutza egiteko legea, gazte ezkertiarrak Casablancan matxinatu ondoren.