argia.eus
INPRIMATU
Birjabetze Kolektiboa sortu da Gasteizen, kapitalak “lapurtutako guztia” berreskuratzeko helburuarekin
  • “Kapitalak eta bere morroiek gure bizitzen gainean kontrol osoa ezartzen saiatzen dira: gure nahiak, balioak eta denbora esklabotza asalariatuak eta etengabeko gainbalio ekoizpenak eskatzen duen bizimodura lerratuz”, azaldu dute eragile berritik eta baita egoera aldatzeko alternatibak bilatzeari ekingo diotela ere.

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko abenduaren 07a
Argazkia: Topatu

Borroka komunitatea eraikitzeaz eta iraultzaren beharraz jabetuta, “kapitalaren dominazioa” suntsitzeko antolatu da Birjabetze Kolektiboa: “Kolektiboaz mintzo gara, antolatuta gaudelako, edozein alternatiba indibidualistaren aurrean, elkartasuna gure praktikaren erdigunean kokatzen dugulako”, gehitu dute eta “jabetza kolektiboaren” ideia defendatzen dute, berreskuratutako espazio eta baliabideen erabilera zein kudeaketa “kolektiboki erabakitzen” dutelako.

Eginkizunei dagokienez, argi utzi dute Instituzioen “hutsuneak betetzea” ez dela beraien eginkizuna, eta ezta “eskubide soilen” aldarrikapena egitea ere: “Gure egitekoa sostengurako behar ditugun elementuak autoantolakuntzaren eta autogestioaren bitartez bermatzea da. Azkeneko urteetako ikasketa eta bizipenetatik abiatuz, okupazioaren praktikan zentratzea erabaki dugu; praktika honen sozializazioa sektore zabalago batean bultzatuz eta kolektibizatutako espazio ororen defentsa gaitasunean aurrerapausoak emanez”.

Okupazio Bulegoa jarriko dute martxan, jabetza pribatuaren birjabetze kolektiborako jakintza tekniko zein juridikoak partekatzeko: “Etxe baten beharra duen eta kolektiboki lan egiteko prest dagoen edonori gure babesa eskainiko diogu. Krisi kapitalistaren testuinguruan, okupazioaren tresna inoiz baino beharrezkoagoa bilakatu da”.

Kolektiboaren nahia, “normalean iristen ez diren esparru sozialetara okupazioa zabaltzea” da, modu honetan, bizi baldintzak “era erreal” batean hobetzeko: “Sistema kapitalistarengatik zapalduak garenok interes komunitate bat osatzen dugularen ideiatik abiatuz, gure bizitzako beharrizanak komunalki asetuko dituen elkartasun azpiegitura bat sortu nahi dugu, etxebizitzatik hasita”.

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.