argia.eus
INPRIMATU
Birika-belarra
  • Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta dabilzkigulako azkenaldian. Gure artean aurre zaintza egitea ohitura zabaldua da eta horretarako sendabelar anitz eta askotarikoak ditugu baina bakoitzak ditu bere berezitasunak.

GarbiƱe Larrea Iturralde 2024ko azaroaren 04a
Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA

Izenak berak erakusten duen moduan, arnasbideetarako erabiltzen da birika-belarra (Pulmonaria officinalis), birika eta bronkioetako gaitzetarako. Udaberrian eta uda hasieran bildu ohi dugu baina une hauetan oraindik ere hosto bikainak ikusten ditugu bazterretan, beraz, ez da batere momentu txarra bildu eta lehortzen ipintzeko. Hostoak latzak edo zakarrak izaten dira, bizar trinkodunak, berde ilunak zein argikoak. Hosto gehienek orban zuria izaten dute eta askok analogia eginez biriketako gaixotasuna sinbolizatzen duten orbanak ikusten dituzte bertan.

Ingelesez hainbat izen ditu eta bat our Lady´s milk drops da. Ama Birjinak oinutsik zihoala hostoa zapaldu eta esnea jariatu zitzaion, eta betiko marka utzi. Erlijioa tartean sartzen zaigunean, sendabelarraren balioa jasotzeko izan ohi da, kategoriaz igotzeko, alegia.

Muzilago asko eta alantoina ditu, mukiak kanporatu eta arnasbideetako narritadurak baretzeko osagai onak. Taninoak askotan landarearen %10a dira, ehunak indartu eta bere onera ekartzeko egokiak. Azido silizikoa du, silizio mota bat, ahuldutako ehunak gogortzeko eta indartzeko osagai baliotsua. Gatz potasikoa eta kaltzikoa ere baditu gorputzak erraz xurgatzeko moduan.

Hostoak lehortu, txikitu eta infusiotan har ditzakegu goizean baraurik. Udazken osoan hartuz gero birikak indartuko dizkigu eta arnas-aparatuko gaitzei aurrea hartzeko lana egingo du.

Aldiz, birika eta bronkioetako gaitzak baldin baditugu, beste sendabelarrekin batera bere eragina hobea izan ohi da eta horregatik gaur egun sendabelar nahasketa askotan ipintzen da, gaitz hauek tratatzeko eraginkorra delako.

Ezkaia (Thymus vulgaris), eztul-belar hostoa (Tussilago farfara), malba (Malva sylvestris), plantaina (Plantago lanceolata) eta intsusa lorearekin (Sambucus nigra) batera nahasten da, denak kopuru berean ipinita. 250 ml ur irakin eta bi koilarakada txiki ipintzen dira, bost minutuan tapatuta eduki eta egunean hiru aldiz hartzen da, otorduen ondoren, bi edo hiru astez.

Xarabea egiteko ere landare aproposa da. Horretarako kilo bat ezti, birika-belar hosto berde edo freskoak (eskukada bat), limoi ekologiko bat eta 30 ml propoli behar ditugu. Kristalezko ontzi aho-zabal eta hermetikoan limoia ipintzen da, azal eta guzti, xerratuta. Ondoren birika-belar hosto berdeak, ontziaren 1/3 osatu arte, nahi izanez gero erdiraino ere bai. Goraino eztiz betetzen da eta berrogei egunean toki epel eta ilunean edukitzen da, sukaldeko armairuan adibidez, tartean behin mugituz. Epe hau igarotakoan iragazi eta propolia gehitzen zaio ondo nahastuz. Kristalezko botilan ilunean ongi egongo da urtebetean (hozkailutik kanpo).

Ez du albo ondorio edo kontrakotasun aipagarririk. Haurdunaldi eta edoskitzaroan segurua da eta haurrentzat ere bai. Hori bai, infusioa beti paperezko iragazkia erabiliz iragazi behar da, bestela hosto latzek dituzten bizar trinko eta gogorrek ahoa eta eztarria (eta hesteak) narritatuko dizkigutelako.