Hamargarrena izango da aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta lehen aldiz Nafarroan jokatuko da finala. Euskal Herri osoko lurraldeetan barna hamalau saiotan arituko dira 42 bertsolari eta sarrerak salgai daude dagoeneko. Irailaren 24an Getxon hasiko dira final laurdenak, urriaren 22an hasiko diren finalerdietan gehituko zaizkie aurreko txapelketan finalean kantatu zuten bost bertsolari, eta finaleko txartela eskuratzen duten zazpiei Iruñeko Nafarroa Arenan itxarongo die aurreko txapeldun Maialen Lujanbiok.
Olinpiaden pare, lau urtero egiten da Euskal Herriko Txapelketa, baina pandemia gurutzatu zen bere bidean eta bost urtera egingo da hamargarren txapelketa hau. Herri hauetan gozatu ahalko dira saioak (hemen ikusgai saio guztien egutegia): Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean.
Hamalau saio horiek hiru fasetan egongo dira antolatuta. Lehen fasea final laurdenena izango da eta sei saiok osatuko dute: irailaren 24an hasiko da, eta astero saio bat izango da. Ondoren finalaurrekoak jokatuko dituzte sailkatzen diren 19 bertsolariek eta aurreko txapelketan finalean izan ziren Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendik. Finalaurreko hauek urriaren 22an hasiko dira eta lau saio izango dira. Honaino iritsi diren 24 bertsolarietatik puntu gehien eskuratzen dituzten 18k izango dute finalaurrekoen bigarren itzulian kantatzeko aukera: finalaurrekoen bigarren itzulia hiru saiok osatuko dute, eta azaroaren 19an hasiko dira. Azkenik, aurreko txapeldun Maialen Lujanbiok eta sailkatzen diren beste zazpi bertsolariek abenduaren 18an jokatuko dute finala, Iruñeko Nafarroa Arenan.
Hauek dira aurreko Euskal Herriko Txapelketako finalera iritsirik edo nor bere herrialdeko txapelketan goiko postuetara iritsirik, aurten Euskal Herrikoan kantatuko duten bertsolariak (hemen ikusgai denak): Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amaia Iturrioz, Amets Arzallus, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Eneko Lazkoz, Gorka Pagonabarra, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Imanol Uria, Iñaki Apalategi, Iñigo Manzisidor, Joanes Illarregi, Jone Uria, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Akizu, Maialen Lujanbio, Manex Agirre, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita, Patxi Iriart, Peru Abarrategi, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina, Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Unai Mendizabal, Xabat Galletebeitia, Xabier Silveira.
Sarrera guztiak salgai daude dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkarteko bazkideek bermatuta izango dute finalerako sarrera erosteko aukera ekainaren 30 arte. Finaleko sarrerak Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan ere salgai egongo dira ekainaren 30 arte (10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, asteburuan salbu).
Bertsozale Elkarteak antolatzen du Euskal Herriko Txapelketa, eta bertako kide Gontzal Agotek adierazi du bertsolaritzaren egoera ongi ari dela pandemiatik suspertzen: "Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Datu onak dira azken hilabeteetakoak. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”.
Idoia Trenorrek berretsi du bertsolaritza "oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar". Eta zera gehitu du: "Garrantzitsua da bizitasun hori nondik datorren azaltzea. Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da”. hezkuntzan, ikerkuntzan nahiz plazan egiten den lana azpimarratu ditu, sei Bertsozale Elkarteen, Lanku Kultur Zerbitzuen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik.