argia.eus
INPRIMATU
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da
  • Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?" familientzat jarduera, film proiekzioa, landareekin tinturak egiteko tailerra, musika eta ipuinak, ibilaldi botanikoa...

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko azaroaren 22a
Antxetamedia.eus

Biriatuko Herriko Etxeak elikadura burujabetza lantzeko ildoa du martxan eta horren barruan, bigarren urtez antolatu du Arbolaren Besta eta egitarau zinez aberatsa ondu du.

Azaroak 22 ostirala, arratsaldez

Bioaniztasunaz mahai ingurua egingo dute 17:00etan elkarte hauetako kideak: Xomorro, Ereinez, Ainitza eta Korrika egiten duen basoa.

Ondoren jateko eta edatekoa egongo da aukeran.

Sagarrari buruzko mintzaldia emango dute eguna bukatzeko, 20:30ean, Sagartzea elkarteak, Jakoba Errekondok eta Bidasoako Sagarnozaleen Kofradiak.

Azaroak 23 larunbata, egun osoko egitaraua

Egunari hasiera adin guztietako herritarrek emango diote, izan ere, 10:00etan “Nor dabil basoan?” jarduera burutuko dute familian, Xomorro elkartearen eskutik.

Kalean Birakalore txontxongilo ibiltaria arituko da umorea jartzen.

Saskigintza tailerra eskainiko du eguerdian Sandra Lucu-k. Eguerdian, baita ere, “Boti au coeur de la nature” filma ikusi ahal izango da eta ondoren solasaldia egingo da.

Bertan prestatutako jakiekin bazkaltzeko aukera egongo da, eta bazkalostean beste bi ekimen gozatu ahalko dira: landareekin tinturak egiteko tailerra eskainiko du Marléne Concaret-ek 14:00etan, eta arbolen zaindarien landart tailerra izango da 15:30ean.

Landareei buruzko musika eta ipuinak entzungai izango dira 16:00etan, eta egunari itxiera ibilaldi botanikoak emango dio, 16:30ean abiatuta.

Gehiago jakiteko, entzun Audrey Hoc eta Aimar Rodriguezi Antxeta Irratian egin dioten elkarrizketa.