Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko azokak egitarau zabala izango du aurtengo edizioan ere.
Bioterra azoka ostiral honetan hasi eta asteburuan zehar luzatuko da. Irungo Ficoba erakustazokan antolatuko da, eta hitzaldiak, show-cooking egitaraua, aire zabaleko ekintza gastronomikoak, zozketak, yoga eta zuzeneko musika bezalako ekintzak bilduko ditu. Hiru egunean zehar, goizeko hamarretatik gaueko zortzietara arte egongo da abian azoka eta www.bioterra.ficoba.org webgunean eskuragai duzue egitaraua.
Bioterra duela hemezortzi urte antolatu zen lehen aldiz. 2021eko edizio honetan, ekonomia zirkularraren gaia izango da ardatz, baina beste hainbat ekintza ere egongo dira. Erakusketariek elikadura eta kosmetika ekologikoari, bioeraikuntza eta energia berriztagarriei, zero waste produktuei zein ehun naturalei buruzkoak hurbilduko dituzte.
Show-cooking, yoga eguna eta zuzeneko musikaz gain, hitzaldi eta mahai-inguruak ere egongo dira, eta horietako batzuk streaming bidez jarraitu ahalko dira Bioterraren webgunetik. Bestalde, azokan gastatzeko 100€-ko bono bat eta produktu ekologikoen sorta ere zozketatuko dira egunero, bertaratzen direnen artean.
Bestalde, pandemiaren harira ezarritako segurtasun neurriak betetzeko, musukoa derrigorrezkoa izango da bisitarientzat, eta gel-puntuak izango dituzte eskura. Tenperatura kontrolatuko da, eta eraikinean segurtasun-distantzia mantenduko da. Plazak mugatuak dira. Sarrerak dohakoak dira eta Bioterraren webgunean daude eskuragarri.