argia.eus
INPRIMATU
“Bioteknologiak hobetutako supergizakien eta balio gutxiko herritarren artean bananduko da mundua”
  • "Desoreka ekonomikoak desoreka biologiko bihurtuko ditu bioteknologiak. Aberatsak gainerakoak baino azkarragoak, sortzaileagoak izango dira, euren burmuin eta gorputzak diseinatu ahalko dituztelako abildade berriak lortzeko. Hala, gaitasun handiak dituen elitea egongo da batetik, eta maila gutxiagoko kasta biologikoa bestetik: mundua ez da aberats eta pobreen artean bananduko, bioteknologiak hobetutako supergizakien eta balio gutxiko herritarren artean baizik".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko urriaren 25

Aurrerapen teknologiko-zientifikoez galdetuta, panorama iluna irudikatu du Yuval Noah Harari intelektualak La Voz de Galicia egunkarian. Gizakia Jainko bihurtzen ari dela dio, “literalki, ez zentzu metaforikoan: gizakiak diseinatzen eta fabrikatzen ikasten ari gara”. Bere hitzetan, XXI. mendeko ekonomiaren produktu garrantzitsuenak ziurrenik gorputza eta burmuina izango dira.

Gizaki hilezkorrak

“Hilezkortasuna lortzeko bidean gara. Beharbada, mende bukaeran aberatsenek nahi adina luzatu ahalko dute euren bizitza. Egia da gorputza berez mugatua dela, baina genetikari eta ziborg-ei esker, gorputza eta zati bionikoak uztartuz, bizitzaren muga luzatu ahalko da, eta halakoetan asko ari dira inbertitzen Silicon Valley eta halako lekuetan”.

Askatasuna, zertarako?

“Seguruenik, gure bizitzari buruzko gero eta erabaki gehiago algoritmoek hartuko dituzte eta ez gizakiok. Non lan egin, ikasi edo norekin ezkondu erabakitzeko, gero eta gutxiago egingo diogu kasu gure sentimenduei eta gero eta gehiago utziko dugu hautua gutaz eta ingurukoez datuak biltzen dituzten algoritmoen esku”.

Teknologiaren truke, pribatutasuna

Gure pribatutasun eta intimitateari uko egiteko prest egongo garela dio Hararik, teknologiak emango dizkigun onuren truke. “Adibidez, minbizia izan dezakegula ohartaraziko diguten sentsore biometrikoak jartzen badizkigute eta datu horiek Googlek monitorizatzen baditu, gehienak prest egongo dira Googleri kontrol hori uzteko, osasunaren berri ematearen truke”.

Garbi du intelektualak: “Munduko aktiborik inportanteena datuak izango dira. Algoritmoen kontrola duen erakunde edo enpresa, izan Google, izan gobernu bat, munduko boteretsuena izango da”.

Horregatik guztiagatik, teknologia berriez informatuago egoteko eta gure ordez erabakitzen ez uzteko gomendatzen du Hararik. “Arrisku handiak daude, baina gauzak aldatzeko garaiz gaude”.