argia.eus
INPRIMATU
BioNTech enpresak Twitterri eskatu zion zentsura zitzala Covid-19aren aurkako txerto unibertsalen aldeko mezuak
  • Farmazia enpresa alemaniarrak hamar mila milioi euro irabazi ditu Covid-19aren aurkako txertoen patenteei esker. Hainbat ikerketak frogatu dute farmazeutiken lobbyek oztopatu dituztela patenteak askatzeko akordioak. BioNTechek sare sozialetako mezuak zentsuratu nahi izan ditu, eta Alemaniako Gobernuari presio egin dio txertoak denen eskura jartzearen aurka egiteko.

Lide Iraola 2023ko urtarrilaren 18a
Covid-19aren aurkako txertoen patenteak kendu eta denen eskura jartzearen aldeko mezuak zentsuratu nahi izan ditu BioNTechek.

BioNTech farmazia enpresak Twitter sare sozialari presioa egin dio zentsuratu zitzan Covid-19aren aurkako txertoak unibertsalizatzearen aldeko iritziak. Enpresa alemaniarrak Comirnaty txertoa merkaturatu zuen Pfizer enpresarekin batera, eta pandemiari aurre egiteko gehien erabilienetako bat da Europar Batasunean eta AEBetan. Farmazia enpresak hamar mila milioi euroko irabaziak izan ditu. Txertoen patenteak kentzeko ahotsak isilarazteko, sare sozialetan zentsura erabiltzen saiatu dela eta Alemaniako Gobernuari presio egin diola jakitera eman du The Intercept hedabide estatubatuarrak astelehenean.

The Intercept-ek Twitterren mezu elektronikoetara sarbidea lortu zuen abenduan, eta orduan atzeman zituen farmazia lobbyen 2020 amaierako mezuok. BioNTech-eko bozeramaile Jasmina Alatovicek sare sozialari eskatu zion kontrola eta zentsura zitzala "farmazia enpresen aurkako kanpainako" txioak. Kanpaina horrekin erreferentzia egiten zien, besteak beste, txertoen patenteak kendu eta mundu osoarentzat eskuragarri egitearen aldeko txioei.

Alatovicek eskatu zion ezkutatzeko bi egunez enpresari zuzendutako mezu guztiak. Ez dute argitu Twitterrek eskatutakoa bete zuen ala ez, baina bai mezu horien ostean Pfizer, BioNTech, Moderna eta AstraZeneca aipatzen zituzten txioen zelatan jarri zela, "haiek babesteko asmoz".

Alemania akordioaren aurka, enpresekin hitz egin ostean

Halaber, El Salto-k Abgeordnetenwatch plataforma alemaniarrak egindako ikerketa jaso du eta salatzen du BioNTech-eko zuzendariak –beste enpresa batzuenekin batera– Alemaniako Gobernuari ere presio egin ziola ez zezan babestu patenteak askatzeko nazioarteko akordioa. AEBak behin-behinean patenteak ezeztatzearen alde agertu ziren, eta hasiera batean Alemaniako ekonomia ministro eta kantziler orde Robert Habeckek bat egin zuen arren, gerora atzera bota zen "enpresekin berriro serio hitz egin ostean". 

Alemaniaren ezezkoak geldiarazi zuen 2021eko azaroan txertoak denen eskura jartzea ahalbidetzea helburu zuen akordioa. 2022ko ekainean lortu zuten neurri batzuk hartzea, baina motz geratzen direla salatu dute Hegoaldeko herrialdeek.