Abenduaren 16an Mendigorriako Biomendi txerri granja eta biometanizazio instalakuntzan elkarretaratzea egin du Nafarroako Makroetxaldeen Aurkako Plataformak. Bertan salatu du Biomendin 2022an 80.000 tona hondakin industrial-organiko tratatu zituztela, soilik 33.000 tonarentzako baimena daukan arren, eta 2010ean 16.000 tona tratatzeko diseinatua izan zela. Plataformaren hitzetan, "honek erakusten du nola minda tratatzeko pentsatua izan den instalakuntza bat bihurtu den hondakin industrialak tratatzeko fabrika". Hauetako hondakin asko beste erkidego autonomikoetatik ekarritakoak dira.
Abenduaren 16an, Nafarroako Makroetxaldeen Aurkako Plataformak deituta elkarretaratzea egin zuten Biomendi-ren aurrean (Mendigorriako txerri granja eta biometanizazio instalakuntza), elikadura burujabetzan eta lurraldearen defentsan trebatzeko zikloa parte hartzen ari diren herritarrek.
Prentsara bidalita oharrean Makroetxaldeen Aurkako Plataformak azaldu duenez, Biomendin 2022an 80.000 tona hondakin industrial-organiko tratatu zituzten, soilik 33.000 tonarentzako baimena daukaten arren, eta 2010ean 16.000 tona tratatzeko diseinatua izan bazen ere, Sodenaren diru-laguntzekin (Nafarroako Gobernuak finantza arloko laguntzarako duen sozietate mugatua).
"Honek erakusten du nola minda tratatzeko pentsatua izan den instalakuntza bat bihurtu den hondakin industrialak tratatzeko fabrika, hauetako hondakin asko beste erkidego autonomikoetatik ekarritakoak. Honen froga da joan den larunbateko irudian ageri dena, zeinetan Bizkaiko enpresa baten hondakin kamioi-zisterna azaltzen den", salatu du plataformak.
"Instalakuntza hauetatik ateratzen diren digestatoak gero inguruko labore-lurretan isurtzen dira, azaleko eta lurpeko uran kutsadura arazo larriak eraginez, lurrari eta biodibertsitateari sortzen zaizkienak gehituz, eta abar", nabarmendu du plataformak.
Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren eredua dela arazo ohartarazi dute: "Bertako herritarren elikagai beharrak asetzera bideratutako eredua izan beharrean, merkatu globalerako merkantziak ekoiztera zuzendua dagoelako. Horrela, egun Nafarroan 850.000 zerri dugu. Pertsona baino gehiago. Gehiena esportaziorako. Eta Europako esne-behien makrogranja handiena Caparroson dago, 7.000 buru baino gehiagorekin. Eredu honek etxalde txikiak itotzen ditu eta bizitzarako eta elikadurarako ezinbestekoak diren baliabide naturalak kutsatzen ditu. Beste eredu bat posible da eta beharrezkoa".
Aldarri hau plazaratu dute: "Abeltzaintza eredu estentsibo, agroekologiko eta Km 0 baten eta beste politika publiko batzuen alde! Makrogranjarik ez! Ez hemen, ez inon!".