EAEk du elektroshockaren praktika tasarik altuena Espainiako Estatuan; Nafarroan berriz, pazienteen euste mekanikoa ohikoa da ospitale psikiatrikoko unitateetan. Psikiatrikoetako indarkeria eta gehiegizko medikazioa salatzeko, Estatuko Harro Zoro Erradikalen manifestazioa Bilbon egingo da lehen aldiz. “Pertsona psikiatrizatuak oso egoera larrian daude”.
Osasun mentalaz asko hitz egiten da, “baina osasun mentalaren sistemako indarkeriez eta giza eskubideen urraketez berba egin barik jarraitzen dute”, kritikatu du Harro Zoroa mugimenduak. Pertsona psikiatrizatuek edo psikiatrikoetatik igarotakoek osatzen dute, Toronton jaio zen 1990eko hamarkadan, eta beste lurraldeetara hedatu zen.
Euskal Herrian, Zoroa GAM 2018an sortu zen eta gurean ere medikazioa indarrez ematen dela, euste mekanikoak eta mehatxuak eguneroko ogia direla, jendea gogoz kontra psikiatrikoetan sartzen dutela eta elektroshockak praktikatzen direla ohartarazi dute. Basurtuko ospitalean sei elektroshock makina daudela kontatu zigun Heiko Elbira mugimenduko kideak, eta EAE da, hain justu, Espainiako Estatuan elektroshockaren praktika tasa handiena duena. 2018an, Nafarroako Gobernuari egindako eskaera bati erantzuteko txosten batean honakoa adierazten zela ere nabarmendu dute: “Euste mekanikoa jarduera ohikoa eta sistematizatua da ospitale psikiatrikoko unitateen praktika klinikoan, profesionalek, erabiltzaileek, iritzi publikoak eta kudeatzaileek eta politikariek uste dutena baino askoz ohikoagoa”.
Ez euste mekanikorik, ez elektroshockik, ez medikaziorik… Biolentzia psikiatrikoa bertan behera uztea aldarrikatuko du mugimenduak Bilbon. “Ez dugu beste psikiatria eredurik eskatzen, psikiatriaren abolizioa baizik”, gehitu dio Heiko Elbirak ARGIAri: “Diskurtso psikiatrikoak indibidualizatu egiten ditu jasaten ditugun zapalkuntzak, eta halako erantzunak ematen ditu, psikiatrikoak beharrezkoak direlako sistema berdin mantentzeko, denak drogatuta”.
Nafarroan, euste mekanikoa jarduera ohikoa eta sistematizatua da ospitale psikiatrikoko unitateen praktika klinikoan, profesionalek, erabiltzaileek, iritzi publikoak eta politikariek uste dutena baino askoz ohikoagoa
Mugimenduak salatzen duenez, praktika psikiatrikoan sistematikoki gauzatzen da tortura, eta hala jasotzen da Nazio Batzuen Kontalari Bereziaren 2017 eta 2018ko txostenetan. Arraza, klase eta generoaren arteko elkargunean dauden pertsona askok gehiegizko medikazioaren ondorioak pairatzeko arrisku handiagoa dutela ere badio txostenak. Alegia, “psikiatrikoetan pobreenak sartzen dituzte, emakumeak, arrazializatuak, bakarrik daudenak… Aberatsek ez dute hor amaitzen”, Elbiraren hitzetan.
Maiatzaren 25ean, manifestazioa
Espainiako Estatuko mugimenduko kideak Bilbon elkartuko dira, lehen aldiz, maiatzaren 25ean. Unamuno plazatik Areatzako kioskora egingo dute bidea, eta mobilizazioaren ondoren guateke zoroa egingo da Karmelan.
Iazko ekainean, Euskal Herriko mugimenduak lehen Harro Zoroa eguna antolatu zuen, hura ere Bilbon.