Milaka espezierekin egindako azterlan baten arabera, lur basatiak laborantzarako eraldatzeak gizakiengana salto egiteko ahalmena duten patogeno asko daukaten animaliak ugaritzea dakar.
1965ean 3.324 milioi pertsona bizi ziren munduan. Horietatik %35ek baino gehiago goseak zegoen. Gaur egun planetak 7.800 milioi biztanle inguru ditu, bi aldiz biderkatu da biztanleria, gosetuen portzentaia %15etik behera jaitsi den bitartean. Lorpen horrek bere kostuak izan ditu baina. Milioika hektarea lur basatitik laborantza-lurrera igarotzeak gaixotasun berriak gizakiengana pasatzea ere eragin du. AEBetako Browneko Unibertsitatearen ikerketa batek aztertu duenez, 1980 eta 2010 artean gaixotasun infekziosoen agerraldi epidemikoen kopurua hiru aldiz biderkatu zen. Beste analisi batzuek lur berrien erabileraren eta Niloren sukarra edo Chagasen gaixotasuna bezalako epidemien arteko lotura ikusi dute.
Oraindik ez dago argi animalietatik gizakietara patogenoak igarotzeko arrisku handiagoa giza jarduerarekin lotutako aldaketa ekologiko orokorrek edo testuinguru jakin batzuetako gaixotasun batzuekin lotutako egoera espezifikoek eragiten duten. Harreman horiek nola funtzionatzen duten ulertzen saiatzeko, University College London (UCL) buru zuen talde batek 184 azterlanetan bildutako informazioa bildu zuen. Horri esker, 7.000 espezie baino gehiagoko 6.801 talde ekologiko aztertu ahal izan zituzten, eta horietatik 376k patogenoak aurkeztu dituzte. Nature aldizkarian argitaratutako ondorioek erakusten dutenez, lurra laborantzarako eraldatzen denean, pertsonei gaixotasunak eragin diezazkieketen mikroorganismoentzako espezie abegikorragoei laguntzen zaie.
Hurrengo pandemia handia eragingo duen birusa oihan ilun bateko espezie exotiko baten barruan (pangolina, adibidez) makurtzen den ideiaren aurrean, egileek erakusten dute arriskua, hain zuzen ere, ingurune naturala laborantza-lur edo hiri bihurtu den lekuetan dagoela, bai eta aldaketa horietaz baliatzen diren animalietan ere. Giza aurrerapenak biodibertsitatea murrizten du, eta aurrerapen horrekin aurrera egiten duten espezieak, hala nola arratoiak, zozoak edo saguzar espezie batzuk, gizakiak kutsa ditzaketen patogenoentzako ostalari onenak dira. Efektu hori areagotu egiten da, gainera, mikrobio horiek kutsatzen ez dituzten edo zailago kutsatzen dituzten beste animalia batzuk desagertzen direlako eta aurrera egiteko oztopo direlako.
Ikerketa berriek biodibertsitatearen galeraren eta gaixotasunen transmisioaren igoeraren arteko harremana aurkitu dute. AEBetan korrelazio handia hauteman zen eskualde bateko hegaztien dibertsitate baxuaren eta Mendebaldeko Niloren birusak eragindako entzefalitis arriskuaren artean. Arrazoia da dibertsitate urriko ingurune horietan birusaren hedapena anplifikatzen duten espezieak direla nagusi, eta ez dutela birusa errefusatzen duten beste hegaztirik. Hala ere, gaixotasun berrien agerpena eta hedapena arazo konplexua dela argitu dute ikerlariek: "gure emaitzek erakusten dute hainbat espezie ostalarik eta gaixotasun mota ugarik modu desberdinean erantzun dezaketela ingurumen presio berdinen aurrean", adierazi du Rory Gibb UCLko ikerlari eta ikerketaren lehen egileak. "Adibidez, primateen gaixotasunekin lotutako arriskuak handiagoak izan daitezke jendeak haiekin kontaktu estuagoa duen basoen inguruan, baina txikiagoa nekazaritza-inguruneetan, karraskariek eramandako gaixotasunek arrisku handiagoa ekar baitezakete bertan", zehaztu du.
Erantzun gabe geratu diren galderetako bat da zergatik diren patogenoentzako ostalari hobeak gizakiak sartu ostean irabazle irten diren espezieak eta zergatik dauden gustura laborantzarako eta urbanizaziorako eremuetan, bai gizakiak kutsatzen dituztenak, bai kutsatzen ez dituztenak. Proposamen gisa, egileek planteatzen dute badirela karraskari eta hegaztiak, zeinak gizakiek sortutako aldaketetara egokitzeko gaitasuna duten; bizitza azkar eta emankorrera, adibidez. Horrek mikrobioen presentziarekin toleranteagoa den sistema immune bat garatzeko aurkerak eman ditzakeela diote adituek.
COVID-19aren kasu zehatzari dagokionez, egileek aitortzen dutenez, “ez dago lurraren erabilerak haren agerpenean eraginik izan duela baieztatzeko frogarik”. Hori bai, argitu dute horrek ez duela esan nahi iraganeko beste epidemietan eraginik izan ez duenik edo etorkizuneko beste batzuetan izan dezakeenik. Datozen urteetan, populazioaren gorakadak aurrera jarraituko du, eta horrekin batera, lurrak eraldatzeko beharrak eta birusen arriskuak, animalietatik gizakietara jauzi eginez. Gibbek eta bere lankideek premia hori identifikatu dute jada, eta “zenbait faktore kontrolagarritan eragitea” proposatzen dute. "Faktore horiek, oro har, sozioekonomikoak dira, eta horien barruan sartzen dira sostengua lortzeko modua, etxebizitzen kalitatea, ur garbia eta saneamendua lortzea eta osasuna eskuratzea", adierazi du Gibbek. "Beti murriztu daitezke arrisku horiek, osasungintzarako sarbidea hobetuz edo kalitatezko etxebizitzetan eta azpiegitura onetan inbertituz", gaineratu du.