Iazko urriko bileran lortu ez zuten akordioa erdiestea espero dute COP16ko parte-hartzaileek, eta ostegun honetan dute gailurraren azken eguna. 2030. urtea bitartean, bioaniztasunaren alde 200.000 milioi dolar bideratzeko engaiamendua hartu zuten 2022ko COP15 gailurrean, eta dirutza hori kudeatuko lukeen egitura propio bat galdatzen dabiltza orain munduko estatu pobretuenen ordezkariak.
Calin (Kolonbia) ez zuten adostasunik lortu iazko urrian buruturiko gailurrean, eta horregatik dute bioaniztasunari buruzko akordio batera heltzeko "azken aukera" gisa ikusten Erromako (Italia) COP16 gailurra. Hego hemisferioko estatuek eskakizun argi eta zehatza dute: bioaniztasunaren aldeko finantzak kudeatzeko egitura propio baten sorrera.
Asteartean abiatu zuten gailurra eta ostegun honetan dute azken eguna. 2022ko COP15eko akordioan adostutakoari segi, 2030. urtea bitartean 200.000 milioi dolar dituzte bioaniztasunaren babesaren alde bideratzekoak –diru publikoaz gain, sektore pribatutik zein Gobernuz Kanpoko Erakundeetatik ere dator finantzaketa–. Estatu aberatsek, printzipioz, urtean 30.000 milioi dolar dizkiete herrialde pobretuenei bideratu behar. Baina, direla murrizketak zein Donald Trumpen itzulera, hitza betetzeko zailtasunak dituzte estatu aberatsek.
Hori guztia dela eta, modu autonomoan eta propioki finantza hori kudeatzeko ardura lukeen egitura sortu nahi dute estatu pobretuenek. Gaur egun, egoitza Washingtonen (AEB) daukan GBFF Global Biodiversity Framework Fund [Biodibertsitate Globalaren Esparruaren Funtsa] egitura multilateralak du ardura hori betetzen."Eskuragaitzatzat" daukate, haatik, Hego hemisferiokoek. Orotara, 400 milioi dolarreko diru erreserba du funtsak, hots, hemendik bost urtetarako jarritako 200.000 milioiak urrun gelditzen zaizkie.
Egitura berria sortzearen beharrik ez dute ikusten Ipar hemisferiokoek, eta horretan daukate COP16ko desadostasunik handiena. Otsailaren 21ean, adostasunera heltzeko deia luzatu zien parte-hartzaileei Kolonbiako presidente Gustavo Petrok. 1992ko Rio de Janeiroko (Brasil) gailur garrantzitsuko Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena sinatu duten 196 estatuetatik 154 egon dira Erromako gailurrean.