Agroekologiaren aldeko EHKOlektiboa duela hamar urte inguru sortu zenetik, urtero antolatu ditu elkarteko kide guztiak batzeko eta martxan dituzten proiektuen inguruan erabakiak hartzeko topaketak. Iaz konfinamenduak bete-betean harrapatu zituen eta ez zuten elkartzerik izan, baina aurtengoan lortu dute oztopoei aurre egin eta XIV. topaketak aurrera eramatea. Hori bai, aurrekoetan bezala gune bakar batean elkartu beharrean, hainbat herrialdetako bost etxaldetan egin dituzte topaketak oraingoan: Etxanon, Azpeitian, Itsason, Oibarren eta Ezpeletan.
“Agroekologiari lotutako identifikatzailea lortzeko lanean buru-belarri gabiltza aurten, eta topaketetan horri forma ematen aritu gara”, azaldu du Aintzira Oñederra EHKOko talde eragileko kideak. Berme Sistema Partehartzailea (BSP) da bio-industriatik desberdintzeko elkarteak aukeratu duen identifikazio tresna, eta sistema hori sortzeko bidea lantzen ari dira orain. Azken batean, egungo zigilu ekologiko ofizialetatik harago joan eta agroekologiarekin lotutako beste irizpide batzuk kontuan izanen dituen identifikatzailea adostea da asmoa: ekoizpen ekologikoan aritzeaz aparte, gertuko eta giza neurriko etxaldea izateari eta ekonomia sozial eta eraldatzailean parte-hartzeari ere bere garrantzia ematen diote, esaterako.
Elkarlana eta kideen parte-hartzea dira identifikatzailea sortzeko EHKOlektiboaren tresnak. “Kontrol eta zertifikazioen alternatiba herrikoia proposatzen dugu, elkarlanean eta parte-hartzean oinarritzen den hartu-eman sarea. Gu geu gara agroekologiaren bidean joateko irizpideak proposatzen ditugunak”, diote aurkezpen bideoan. Aurtengo topaketen helburu nagusia identifikatzailearen definizioa sakontzea izan da: “Kontzeptu abstraktua iruditzen zaigu askotan agroekologiarena; horregatik, gure baloreak eta irizpideak ongi definituz gero, desberdintzeko eta gure etxaldeetan egiten duguna argi azaltzeko aukera izanen dugu”, adierazi du Oñederrak.
Hona hemen Berme Sistema Partehartzaileaz egin duten bideoa:
Lehen sektoreko hainbat esparrutan diharduten Euskal Herri osoko nekazari eta abeltzainak biltzen dira EHKOlektiboan, baina baita herritar eta kontsumitzaileak ere. “Agroekologiaren ikuspegia elikadura sistema osoan landu behar dela uste dugu, eta ahalegin berezia egiten ari gara kontsumotik ere jendea erakartzeko”, dio talde eragileko kideak. Aurtengo topaketetan ere, ekoizleek eta herritarrek hartu dute parte, eta jasotako erantzunarekin pozik agertu dira antolatzaileak.
Udazkenean emanen diote jarraipena kolektiboko kideek apirileko topaketetan jorratutako bideari, pazientziaz eta pauso txiki baina seguruz egin beharreko lana dela uste baitute. “Agroekologia hiru arlotan definitzen dugu guk: etxaldeetako maneiuari, bertakotasunari eta arlo sozialari lotuta. Ez dio egoera konkretu bati egiten erreferentzia, bide bati baizik. Iritsiko gara identifikatzailea lortzera, baina bidean baditugu beste etxeko lan batzuk oraindik”, biribildu du kideak.