Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean pixoihalak besterik ez dituztela jarri dira hainbat lagun Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, 2020ko EAEko aurrekontuek izango dituzten "murrizketa sozialak" salatu eta urtarrilaren 30ean greba egiteko beste arrazoi bat direla aldarrikatzeko.
EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako 2020ko aurrekontuak onartu ditu ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak, Elkarrekin Podemoseko bederatzi parlamentarien abstentzioarekin –Ezker Anitzako biek kontrako botoa eman dute–. Guztira 11.775 milioi euro izango ditu Eusko Jaurlaritzak hurrengo urtean gastatzeko, aurten baino %2,9 gehiago. "Kontinuismoa gainditzea eta norabide onean lehen pauso ematea" lortu dutela nabarmendu du Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak.
Aitzitik, alderdi moreak eta Jaurlaritzak adostutakoa 201 milioi euro dira, 2020rako 88,9 milioi euro baino ez –aurrekontu osoaren %0,7–. Zentzu horretan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta mugimendua osatzen duten eragile eta sindikatuek gogor salatu dute akordioa, arlo sozialean, osasunean, etxebizitzan eta hezkuntzan murrizketak ekarriko dituela esanez. ELA sindikatuak azpimarratu du Elkarrekin Podemosek "bere" egin duela gastu arauaren muga; honen arabera, %2,8 baina gehiagoko superabita balego ere, partida sozialetara beharrean zorra kitatzera bideratu beharko litzateke dirua. Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak Berrian idatzi duenez, "larria da ezker instituzionala horrela asimilatzea"
LAB sindikatuko feminismo idazkari Elixabete Etxeberria eta Ane Escondrillasek Naiz.eus-en iritzia plazaratu dute EAEko aurrekontuen onarpena dela-eta. Kritika gogorra egin die EAJ eta PSEren gobernu autonomoari, Euskal Herriko mugimendu feministarekin harremanetan jartzeko bere gaitasun falta azpimarratuz. Eta euren ustez, "garbi zegoena erabat garden" geratu da aurrekontuok aztertuta: "Nola aldatuko da emakumeen errealitatea, esku hartu gabe biolentzia, diskriminazio eta prekarietate horren atzean dauden arrazoietan?"
Testuinguru horretan, Eskubide Sozialen Kartak deituta Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza aurrean elkarretaratu dira hainbat lagun biluzik: "Salatzen ari gara aurrekontu erabat antisozialak onartzen ari direla: AHTrentzako eta armagintzarentzako diru-laguntzak jartzen dituzte aurretik, DSBEa murrizten duten bitartean", adierazi du horietako batek.
Elkarrekin Podemosen esanetan DSBEra bideraturiko partidan %4ko igoera egongo da. Baina bazterketaren kontrako Argilan plataformak eta Bizkaiko beste hainbat kolektibo sozialek azaldu dutenez, 2012tik aurrera izandako murrizketen ondorioz, egiaz %34 gutxiago jasoko du diru-sarrera hori behar duen familia bakoitzak, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren ehunekoetatik oso urrun; "gutxieneko marra gorri bat" gainditzea dakar horrek, plataformaren aburuz. Are zehatzagoa izan da Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidea osoko bilkuran: "Onuradunek 230 euro gutxiago kobratuko dute hilero; 253 euro gutxiago pentsiodunak badira".
"Gure kezka handiena Podemosen jarrera aldaketa da, hori izan da aurrekontu hauen diferentzia bakarra"
Pentsio duinen aldarria oso presente egon da nola Gasteizko legebiltzarrean hala kalean. Baina pensiodunek ez ezik, emakumeek, gazte "prekarizatuek" edo bazterketa egoeran dauden sektoreek ere jasango dituzte "kutsu neoliberala" duten aurrekontuok bultzatutako "desberdintasun sozialen areagotzea", Eskubide Sozialen Kartaren aburuz: "Gure kezka handiena Podemosen jarrera aldaketa da, hori izan da aurrekontu hauen diferentzia bakarra".
Horregatik, hilabete osoan mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi du mugimenduak: "Arrazoi nahikoa badago gaur hemen eta hemendik hilabete barru ere, urtarrilaren 30eko greba orokorrean, kalean egoteko".