Uztailaren 25ean Durangon abiatu zen AHTren aurkako II. Bizikleta Martxa Desobeditzailea, Mugitu! kolektiboak deituta. Martxak iraun duen aste betean parte hartzaileak azpiegituraren obrak eta inguruko herriak bisitatu eta beste azpiegitura handien kontra ari diren eragileekin elkartu dira. Bilboko Arriaga plazan amaitu dute abuztuaren 2an, bezperan hiriko erdigunea kolapsatzeko ekintza egin ostean.
Parte hartu duten 50 bat txirrindulariek AHTren obrak bertatik bertara bisitatu eta kalteturiko zenbait baserritarrekin izan dira. Beste proiektu erraldoi batzuen inguruko saio informatiboak ere egin dituzte; tartean, Superportuaren ingurukoa Zierbenan, olatuen energia jasotzea helburu duen BIMEP proiektuaz Plentzian eta “Guggenheim eta beste proiektu urbanistiko espekulatiboez” Sukarrietan.
Astebeteko itzulian ondorengo herrietatik igaro da martxa: Durango, Elorrio, Atxondo, Zornotza, Dima, Galdakao, Larrabetzu, Gernika, Bakio, Lemoiz, Plentzia, Getxo, Santurtzi, Zierbena, Muskiz eta Zalla. Egunez eguneko kronika ahtgelditu.org webgunean jaso dute.
“AHTk biluzten gaitu”
Txirrindulariek Bilbo erdigunean protesta egin zuten itzuliaren azken aurreko egunean, abuztuaren 1ean. Plaza Zirkularrera iristean, biluztu eta lurrean eseri ziren, trafiko zirkulazioa moztuz. Aldamenean, beste kide batzuk “AHTk biluzten gaitu” zioen pankarta atera zuten. Kotxe ilara handiak sortu eta hamar minutuz trafikoa geldi egotea lortu zuten.
Bilboko erdigunea kolapsatzeko ekintzarekin murrizketak eta prekarietatea hazten doazela salatu dute, “AHTren eraikuntzan diru kopuru izugarriak xahutzen diren bitartean”. Mugitu!-ren hitzetan, “horren errudun nagusietako bat” Adif Trenbide Azpiegitura Administratzailea delako egin zuten ekintza enpresaren bulego parean.
Ondorengo bideoan jaso dituzte ekimenaren zenbait irudi: