argia.eus
INPRIMATU
Biluzik da Puigdemont
  • Carles Puigdemont, bera da oraindik Generalitateko lehendakaria Kataluniako gehiengoarentzat eta posible balitz gehiengo horrek hurrengoa ere bera izatea nahi luke. Posible balitz, baina gaurkoz ez da. Bakarrik faltako litzateke Espainiako Estatuaren borondate politiko eta demokratikoa. Eta horixe da, hain zuzen, ez dagoena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko urtarrilaren 16a
Puigdemont Bruselatik mintzo zaie bere jarraitzaileei.

Badoa denbora pasatzen, bagoaz proces-ari buruzko ondorio argiagoak ateratzen eta komeni da gauzak argi esatea: Katalunia eta Estatu Espainiarren arteko oraingo gudua Espainiaren aldekoa izan da, Madrilek argi irabazi du. Eta irabazleak eskuzabaltasun gutxi izaten du garaituarekin. Hortaz badakigu zerbait Euskal Herrian, non 100.000 lagunek urtarrilero eskatu behar dugun preso politikoen eskubideekiko gutxieneko begirunea. Tu egiten digute Madrildik.

Bada, Espainiako Gobernuak eta judikaturak ez dute zirrikiturik irekiko Brusela aldera, ez dago ezer horretara behartzen dituenik, ez Europan, ez Espainian eta, gaur gaurkoz, ezta Katalunian ere. Negoziazio borondatea litzateke akuilu bakarra, eta ez da unea oraindik, lehendik gehiago umiliatu behar dira katalan independentistak. Eta abenduaren 21eko mandatu demokratikoa? Garaipen hori hor dago, baita urriaren 1a ere, eta beste hainbat, oso garrantzitsuak. Baina ez dira nahiko Espainiak amore eman dezan, ez dute nahiko indar. Espainiaren izaera demokratikoaz asko esango du bere jarrerak, baina hortaz inork konturik eskatzen ez dion bitartean, ardurarik ez.

Arrazoi dute Puigdemont zaleek: “Katalunia Madrildik Gobernatzen ari bada orain, zergatik ezingo da Bruselatik?”. Jakina ez dela egokiena, jakina surrealismo puntua ere baduela, baina nahi denean politikak beti topatzen ditu bideak legeen eta borondateen zirrikituetan. Eta kasu honetan, gainera, legeak ez dira oztopo handiena.

Kasurik onenean izan liteke Puigdemont lehendakari eta bere azpiko bat gobernu-buru –badira horretarako nahiak JxCat-en–, baina azkenean, praktikan, gobernu-burua litzateke lehendakaria. Gainera, Madrilek jakinarazi du Puigdemont izendatzen badute 155.ak indarrean jarraituko duela. Ez da PdCATen eta ERCren bulegoetan nahi dena. Azken unera arte estutzen ari da JxCat, baina denak adierazten du Puigdemonten lehendakari egunak kontatuak direla.