argia.eus
INPRIMATU
‘Billy el Niño’ torturatzaileari dominak kentzeko eskatu du Espainiako Kongresuak, hil ondoren
  • Espainiako Kongresuan ostegunean egindako bozketan, gehiengoak Antonio González Pacheco Billy el Niño eta beste polizia torturatzaile ezagun batzuei dominak kentzearen alde bozkatu du. Duela hilabete zendu zen frankismoan jende ugari torturatu zuen komisario ohia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko ekainaren 11
Billy el Niño epaitegi batetik ateratzen. Duela hilabete hil zen torturatzailea, epaitua izan gabe, koronabirusaren ondorioz (arg: Eldiario.es)

PSOEk eta Unidas Podemosek aurkezturiko ez legezko proposamena aurrera atera da Espainiako Kongresuan ostegun honetan, eta hala, Espainiko Gobernuari eskatu diote "balio demokratikoekin eta giza eskubideak babesteko printzipioekin bateraezinak diren jokabideak izan dituzten funtzionario eta agintari frankistei kondekorazioak kentzea".

Frankismoan torturatzaile izan ziren hainbat poliziaren kontrako salaketak eta eragindako sufrimenduagatik justizia eskariak ugaritu egin dira azken urteetan. Antonio González Pacheco Billy el Niño zen horien artean ezagunenetakoa, eta krudelenetakoa ere bai. Komisario ohiak hainbat domina jaso zituen zeregin horrengatik eta, 40 urte geroago, oraindik horien jabe zela hil zen joan den hilabetean koronabirusaren ondorioz. Bere kontra hainbat kereila zabaldu baziren ere, ez zuten sekula epaitu.

1936ko golpearen tituluak

Ez legezko proposamena talde parlamentario ia guztien babesarekin atera da aurrera, Vox eta PP izan ezik –azkeneko hau abstenitu egin da eta eskatu du ez dadila "errebisionismoaren tentazioan" erori–. Halabaina, polizia zehatz batzuei kondekorazioak kentzeaz gain, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz ohorezko tituluak, izendapenak eta distintzioak jaso zituztenei horiek kentzeko arautegia sortzea ere eskatu du Kongresuak. Horretarako, besteak beste 1948 eta 1978 artean emandako noblezia tituluen katalogoa osatu beharko da.

Osteguneko saioan eztabaida sutsua izan da torturatzaileekin epel jokatzen dutenen eta ezkerreko alderdien zein independentisten artean. Guardia Zibilak iraganean izan duen eta egun duen inpunitate zein boterea agerian geratu da Espainiako Estatuan, Diego Pérez de los Cobosen auziaren harira. Bada, hori ere islatu da eztabaidan: "Zabor hau guztia epaitegietan egongo litzateke, Pérez de los Cobos faxista barne", adierazi du Miriam Nogueras Junts-eko diputatuak une batean.

Saioaren aktatik "faxista" hitza kentzeko agindu du ondoren Meritxell Batet Kongresuko presidenteak.