argia.eus
INPRIMATU
Billabesa autobus zerbitzuko langile batek jasandako azken erasoa salatu dute
  • Martxoaren 22an izan zen erasoa, eta TCC enpresako berdintasun batzordeak salatu duenez, “sexu konnotazio erabatekoa” izan zuen. Protokoloak aplikatzeko eskatu dute, erasoen gorakadaren aurrean babesgabe daudelako.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko apirilaren 07a
TCCko enpresa batzordeko kideek egindako elkarretaratzea.

Erasoa 16. linean gertatu zen, azken bidaian, eta erasotzaileak gidaria bakarrik egotea bilatu zuen, harengana hurbiltzeko eta kaltea eragin zion ekintza egiteko. Ez zuen laguntzarik jaso, eta salaketa jarri zuen. Berdintasun batzordeak sexu eraso gisa kalifikatzeko eta hala zigortzeko eskatu du.

Azkenaldian horrelako erasoek gora egin dute; ordutegi eta aisialdi ohituren aldaketagatik, lehen goizaldean gertatzen zena, orain, billabesen azken bidaietan gertatzen ari delako. Hori dela eta, erakundeei eskatu diete esku har dezatela, langileak babesik gabe ez uzteko protokoloak aktibatuz; eta TCC enpresari berdintasun-planak eta protokoloak eguneratzen jarraitzeko, eta aplikatzeko eskatu diote, askotan huts egin dutelako.

Adibide gisa, aipatu dute izu-botoi bat dutela egoera horietan sakatzeko, baina azken erasoaren kasuan ez zuela funtzionatu, une horretan ikuskatzaile bakar batek beste lan batzuk egin behar zituelako. Halaber, azken urteetan manparak eskatu dituzte, erasoen aurrean babesteko, baina ez zizkieten jartzen, arrazoi teknikoak aipatuz, eta pandemiarekin, ordea, jarri egin dituzte. Beraz, borondatea dagoenean, urratsak egiten direla ziurtatu dute.