argia.eus
INPRIMATU
Bilioi bat euro… zertarako?
  • Iragan ostegunean, Europar Banku Zentralak berri ona eman zuen: europar ekonomian bilioi bat euro sartuko ditu, kreditua bultzatuz. Horrela, prezioen jaitsiera ekidin nahi du. Deflazioaren mamua bazebilen gora eta behera orain dela zenbait denbora, baina badirudi energia prezioen jaitsierak prezioen murrizketa bultzatu duela azken hilabeteetan. Horretarako hartu du EBZk neurri hau.

Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2015eko urtarrilaren 26a

Ez dugu ahaztu behar Banku Zentralaren helburua inflazioa %2koa izatea dela; baina helburu horren atzean ez dago ezer zientifikorik, baizik eta kontsentsu bat: zenbakia hori izan behar dela adostu da eta kito. Logika kapitalista du atzean, sistema ekonomiko honek inflazio txikia behar duelako, hau da, prezioak apur bat handitzea. Deflazioak, aldiz, ekonomia kapitalista iraultzen du, batez ere ekoizpena eta zerbitzuen eskaintza erabakitzerako orduan, hauen etorkizuneko prezioak murritzagoak izango direla uste denean, hauek ez eskaintzeko arriskua izango da, beste ondorioen artean. Hau ez da sistemaren logika normala.

Ekonomista erradikala ez den Krugman nobel saridunak arrisku erreala dela aipatu zuen pasa den urteko udan; egoera hau saihesteko, EBZk zenbait neurri hartu izan ditu azken urteetan, aipagarriena interes tasak %0,05 arte jaistea. Beste bi neurri multzo euroaren debaluazioa eta politika fiskalaren eremukoak dira. Euroa AEBko dolarrarekiko debaluatu da, eta Moneta Batasuneko estatuek egindako politika fiskala hau bideratzera joan da, orokorrean. Baina EBZk ez du bere helburua lortu, ez da %2ko inflazioa lortu ezta garrantzitsuagoa dena, hazkunde ekonomiko indartsua.

Japonia eta Amerikako Estatu Batuek krisia ez larritzeko beste bide bat jarraitu zuten, haien banku zentralek zor publikoa eta pribatua erosiz. Neurri honekin bide hau jarraitu nahi da. EBZk merkatuan zor publikoa erosiko du, baina ez estatuek jaulkitzen dituzten zor tituluak, baizik eta finantza erakundeek dituzten zor tituluak. Hau da, banku eta inbertsio funtsek diru hau eskuratuko dute, titulu hauek Banku Zentralaren eskuetara pasatuz. Hemendik aurrera, neurri honen ondorioak auskalo zeintzuk izango diren, baina aldez aurretik azpimarra daiteke herritarrek eta enpresa txikiek ez dugula apenas nabarituko aldaketa handirik. Finantza erakunde handientzat egindako neurria da.

Suposatzen da zorra salduko duten finantza erakundeek diru hori inbertituko dutela; baina zertan? Hor dago abenduan Jean Claude Junkerrek aurkeztutako plana, teorian europar ekonomia erreala bultzatzeko eta inbertsio pribatua behar duena. Agian horrek funtziona dezan hartu du neurri hau Mario Draghik. Euriborrean eragina izango du? Horretarako bankuen arteko maileguen prezioak murriztu beharko lirateke, eta ez dirudi asko nabarituko denik. Bankuek enpresa txikientxako eta norbanakoentzako maileguen baldintzak malgutuko dituzte? Ezer gutxi, diru hau jasoko duten finantza erakundeek ziurrenik inbertsio handietan erabiliko baitute.

Azken finean, herritarrak ez gara neurri hauen helburua, gure bizi maila, enplegua edota gure inguruko enpresa txiki eta ertainen egoera ez zaie axola Draghiri eta hauei, soilik datu makroekonomiko handiak eta finantza erakunde handien egoera.