Azken hilabetean ziztaden salaketak biderkatu egin dira mundu osoan, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Adibidez, azken asteburuan ehun ziztadatik gora salatu dira Euskal Herrian. Baina nola kokatu fenomeno honen aurrean? Euskal Herriko Bilgune Feministak bere irakurketa argitaratu du sare sozialetan eta hona ekarri dugu, osorik irakurgai jarriz.
Honela dio Bilgune Feministak:
Azken aldian jai giroan emandako erasoak eta medioetan hauen trataera dela eta:
Kezkatuta gaude. Kezkatuta eta haserre.
Kezkatuta gaude pandemia osteko emakumeenganako* kaleko indarkeria are oldarkorrago bueltatu delako.
Kezkatuta gaude batez ere, indarkeria matxistari lotutako berdurra elikatzen duen alarma mezuak nonahi irakurtzen gabiltzalako.
Sumisio kimikoa ez da berria gurean, sexu erasoen beste forma bat da, askoren artean.
Errealitate bat da, gure egunerokotasunean emakumeok bizi behar dugun beste indarkeria egoera bat eta beraz, bizi dugun beldurra ere oinarri horretan datza.
Izu hau elikatzen dituzten diskurtsoek baina, gure askatasuna mugatzera eramaten du alarma sozialaren bitartez: ez eraman praka laburrik, kontuz nondik zabiltzan, ez irten gauez, geratu etxean....
Gainera, gure askatasuna mugatzen duten mekanismo polizialak abiarazten dira.
Segurtasun eredu horrek ez gaitu aske sentiarazten; alderantziz, are gehiago biktimizatzen gaitu.
Poliziak gorpuzten duen maskulinitate ereduak eta iraunarazten duen menderatze sistema berberak kolpatzen gaitu.
Guk ez dugu poliziarik behar aske izateko.
Ziztaden kasuan gainera, askotan bortxatzeko sumisio mekanismo bat izatetik aparte beldurra zuzenean gure gorputzetan sartzeko baliabide bat bilakatu da.
Argi diogu: sustantzia kimikorik eduki ez arren kide bat ziztatzea beldurraren berprodukziorako, indarkeria da!
Eztabaida despolitizatu nahi dute, gure hitza zalantzan jarri eta bizitakoa gutxietxi.
Ez dira anekdotak egunero pairatzen ditugun erasoak, ez dira kasu bakanak.
Indarkeria matxistaren betikotzea dakarte kokapen feministarik gabeko tertuliek eta albiste sentsazionalistek.
Gizonek erasotzeari utzi behar diote eta indarkeria matxistan duten erantzunkizunaz kargutu. Bada garaia.
Konplize izateari utzi eta konponketan inplikatu behar dira, jarrera ez protagonistak mantenduz.
Aske izateko dugun armarik zorrotzena emakumeon* artean elkar babesteko sareak dira!
Kalean jarraituko dugu, gauak okupatzen eta jai eredu feministen alde borrokatzen:
Euskal Herriko jai eta txosna feministetan elkartuko gara!
Ekin autodefentsa feministari!