argia.eus
INPRIMATU
Bilgune Feministaren hogeigarren urteurrena ospatzeko Topagune Feminista egingo dute ekainean
  • Hogei urte beteko ditu aurten Bilgune Feministak, eta urtemugaren ospakizunari merezi duen tokia egin diote urteko eginbeharren zerrendan. 20 urtez paradisuak erretzen... Eztandak dardara gaitzala lelopean, datozen hilabeteetan hainbat herritan ospakizun ekimenak egiteko asmoa iragarri du antolakundeak, eta "urteurren eztanda" izan nahi duen Topagune Feministaren data ere aurreratu dute: ekainak 11 eta 12.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 26a
Argazkia: Euskal Herriko Bilgune Feminista

2001n Emakume Abertzaleon Topaketa Feministak egin ziren Leitzan, eta bertan mahai gaineratu zen nazio mailako antolakunde feminista baten beharra. Urtebeteren buruan sortu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista, eta lanean aritu da ordutik. Aurten, hogei urteko beteko ditu antolakundeak, eta ospakizunari merezi duen tokia eman diote urteko eginkizunen artean. Helburu horrekin eta 20 urtez paradisuak erretzen... Eztandak dardara gaitzala lelotzat harturik, datozen hilabeteetan herri, plaza, txoko eta gaztetxe ezberdinetan batzeko asmoa dutela aurreratu dute. Horrez gain, tokian tokiko bidelagunak batu nahi dituzte ospakizunaren azken ekinaldian, eta horretarako Topagune Feminista antolatzen ari dira. "Urteurrenaren eztanda" izan nahi duen topagunearen lekua oraindik ezagutzera eman ez duten arren, data aurreratu dute: ekainak 11 eta 12.

Hogei urte paradisuak erretzen

Egindako bideari begira jarrita, hogei urteok paradisuak erretzeko eginkizun etengabean aritu direla adierazi dute Bilgune Feministako kideek. "Paradisu fiskala, familiarra, paradisu kapitalista heteropatriarkala. Batzuena dena eta  batzuentzat soilik eraikia. Argitsua eta bistara polita. Baina hutsa, gezurretakoa. Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorreratik kendu nahi izan dizkiegu maskarak paradisuei, konfliktoan jarri, deserosoak izan. Eztanda egin arte". Hortik urtemugarako aukeratutako leloa.

Orain arteko ibilbidean egindakoetatik, ondokoak azpimarratu dituzte: euskal gatazkaren konponbide feminista mahai gainean jarri izana, subjektu politikoen eztabaida biluztea, lidergotza feminista kolektiboa lantzeari ekin izana, pribilegio zurien gaineko erantzukizuna hartzeko konpromisoari heldu izana, edota "krisi anizkoitzaren erdian" zaintzen sistema dardararazteari ekitea.

"Ibilian ikasi dugu gure errealitatea hainbat zapalkuntzen elkargunetik irakurtzen; ulertu dugu emakumeak, euskaldunak, langileak, bollerak, transak, migratuak, gazteak, adindunak bizi garela herri txiki honetan. Horregatik, erantzun eta egitura zurrunetatik aldenduta, formula amaigabeen bila jarri gara". Aurrerakoan ere, ekindako bidea urratzen jarraitzeko motibazioa agertu dute: "Euskal Herriaren burujabetza feminista ipar, paradisuak erretzen jarraituko dugu, denak eztanda egin arte!".