Asanblada irekia deitu du Bizitzak Erdigunean koordinadora feministak maiatzaren 2an. On-line izango da. Covid-19aren krisiari eta neoliberalismo patriarkal eta kolonialari aurre egiteko proposamenak dossierra ere plazaratu du, hogei talde feminista baino gehiagoren eta beste eragile sindikal eta sozialen ekarpenak jasoz.
COVID-19ren garaian, feminismotik zer? Galderari tiraka asanblada irekia egingo du mugimendu feministako hainbat taldek osatu duten Bizitzak Erdigunean koordinadorak. Asanblada maiatzaren 2an egingo da, goizeko 11:00etatik 13:30etara. On-line izango da.
Egungo egoerak behatu eta irtenbideak proposatzeko dossierra
Bizitzak erdigunean du lema nagusi dossierrak. Diagnostikoa egiten du lehenik: "Ahaleginduko gara jendearen bizitza bakoitzarekin zer gertatzen ari den ulertzen. Eta sistemari gutxien axola zaizkion bizitza horiei arreta berezia eskainiko diegu". Alor hauei guztiei buruzko irakurketa jasotzen du diagnostikoak: zaintzari ematen ari zaizkion konponbideak familietan, ordaindutako zaintza lanak eta feminizatutako sektoreak. Baita ere indarkeria matxista eta arrazakeria jasaten dutenak, prekarizazioa bizi duten soldatapeko langileak eta burujabetzaren galera, herri gisa.
Eskaerak eta exijentziak atalean, irtenbideetarako hainbat puntu jasotzen ditu dossierrak, bai diagnostikoan seinalatutako gaietan, eta baita gehiagotan ere: familietako zaintzetarako konponbideak, etxeko enplegua, zaintzak eremu publikoan, sexu-lana, elikadura, indarkeria matxista, indarkeria arrazista, lurraldeen arteko indarkeria eta autonomiaren galeraz.