argia.eus
INPRIMATU
Bildarratzek dio Googlerekin egindako akordioak ez duela urratzen hezkuntza hitzarmena
  • Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan erantzun die Hezkuntza sailburuak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-IUri. Bi alderdiek Hezkuntza Sailari leporatu diote pribatutasun eskubidea urratzea eta multinazionalari hezkuntza publikoaren bitartez negozioa egiten uztea.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 06a
Bildarratz, legebiltzarrean azalpenak ematen. Argazkia: legebiltzarra.eus.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak goitik behera ukatu ditu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk egin dituzten kritikak Hezkuntza Sailak Googlerekin sinatu berri duen akordioa dela eta. Ikastetxe publikoetan Google Workspace for Education zerbitzuak erabiltzea adostu du Hezkuntza Sailak. Hezkuntzan Librezaleak taldeak ere kritikatu du akordioa.

Bildarratzek adierazi du jendartearen bilakaerak eskatzen duela “erronka teknologikoei, etikoei eta sozialei” heltzea, eta Googlerekin sinatutako hitzarmena bide horretan kokatu du. Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planaren oinarria hezkuntza “aro digitalera moldatzea” dela azaldu du. Googlek “pribatutasuna eta arau etikoak” errespetatuko dituela esan du, eta hitzarmena onartu duela Datuak Babesteko Euskal Agentziak. Azpimarratu du ikastetxek ez daudela behartuta zerbitzu hori erabiltzera, eskura izango duten “tresna” bat dela, baina beste erreminta batzuk erabili ditzaketela. Softwere libre eta pribatuen osagarritasuna defendatu du: “Digitalizazio etiko eta arduratsuaren ikuspuntutik plataformak elkarren osagarri izatearen aldeko apustua egin behar dugu, software librea eta pribatua erabiliz”.

“Pegasus eskoletara”

EH Bilduko Lore Martínezek salatu du hitzarmenarekin ezagutza Googleri transferituko zaiola eta multinazionalak negozioa egingo duela horrekin. “ Pegasus eramango duzue eskoletara. Euskal hezkuntzako irakasle, ikasle eta familien datuen pribatutasun osoa Googleren eskuan geldituko da, gobernuaren onespenarekin”. Podemosek Isabel Gonzálezek salatu du Hezkuntza Sailak Googlerekin sinatutako kontratuak talka egiten duela Hezkuntza Itunaren 16. puntuari, dioena ikasleen pribatutasuna bermatuko dela “baliabide teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz”.