argia.eus
INPRIMATU
Bildarratz jauna, zergatik ez duzu Ordiziako hezkuntza desoreka konpontzeko neurririk hartzen?

Ordiziako Eskola Publikoko Guraso Elkarteak 2022ko maiatzaren 02a

Hezkuntzako goi arduradunekin lau aldiz bildu eta proposamen ezberdinak egin dizkiegun arren, Ordiziako egoera bideratzeko ez dute beharrezko neurririk hartu.

Azken urtean lau aldiz bildu gara Hezkuntza Saileko goi arduradunekin. Jokin Bildarratz, Hezkuntza Sailburu; Begoña Pedrosa, Hezkuntza Sailburuorde; Eugenio Jimenez, Ikastetxeetako eta Planifikazioko Zuzendaria eta Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntza Lurralde Ordezkariarekin. Azkena, pasa den otsailaren 15ean. Bilera horietan, Ordiziako herrian, eskolen artean, ikasle familien jatorriaren eta egoera sozioekonomikoaren baitan dagoen desoreka larriaren inguruko datu zehatzak eman dizkiogu sailari. Egoera hori, elkarbizitzan, aniztasunaren trataeran, inklusioan eta euskalduntzean sortzen ari den arazo larrien jakinaren gainean jarri ditugu. Esan diegu egoerari irtenbidea emateko beraiek dutela giltza nagusia, planifikazioan eraginez. Eta, onartu duten arren, erantzun zehatzik jaso ez dugun heinean, desoreka bideratzeko neurri zehatzak ere proposatu dizkiegu.

Lau urte baina gehiago dira, jada, Eusko Jaurlaritzak aurrez larria zen desoreka nabarmen areagotu zuen matrikulazio irregulartasunak onartu zituela Jakintza Ikastolan. Ez soilik irregulartasunak onartu, planifikatu gabeko gela esleitu ere bai.

"Desorekaren arrazoia ezin daiteke jarri jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan edota egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan"

Arartekoak 2019ko azaroaren 6an Ordiziako desorekari buruz ebazpena argitaratu zuen. Hezkuntza Sailari eskatu zion Ordizian onartutako plangintza-neurrien inpaktua ebaluatzea, eta ikasleen banaketa orekatuagoa lortzen lagun zezaketen neurri zuzentzaileak hartzea. Hiru urte pasa dira. Martxoaren 29an Arartekoak argitaratutako urteko txostenean, hirugarren urtez jarraian, Ordizia eta eskola-segregazioa azaltzen dira bereziki kezkatzen dituen gaien artean. Herritarron defendatzailearen esanetan Jaurlaritzak ez du plangintza-erabakien ebaluaziorik egin eta ez du hartu ikasleen banaketa orekatuagoa lortzen lagundu dezaketen neurri zuzentzailerik. Hori dela eta, Arartekoak Hezkuntza Sailarekiko bere desadostasuna azaldu du. Izan ere, bere ustez, gaur egungo araudiaren barruan bestelako neurriak hartuz posible izango bailitzateke behin eta berriro azalduriko egoera gainditzea. Baina administrazioaren jarduera eta esku-hartze ezak egoera larriagotu besterik ez du egin.

Ordiziak %19ko migrazio tasa du, Euskal Herriko altuenetarikoa. Haur hezkuntza eta derrigorrezko eskolatze adinean dauden ikasleen familien herenak atzerrian du jatorria. Ikasle horien hamarretik ia bederatzi Eskola Publikoan daude matrikulatuak. Ordizian edo Euskal Herrian jatorria dutenetatik, aldiz, erdiak baina gutxiagok ikasten dute Eskola Publikoan. Desoreka are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan. Eta, azken urteetan, Hezkuntza Sailak hartu dituen hainbat erabakirengatik eta hartu ez dituen beste hainbaten ondorioz, desoreka areagotu besterik ez da egin.

Datuen eta berdintasun irizpideen aurka, Hezkuntza Sailak, behin eta berriz, Ordiziako eskolen artean ematen den desorekaren arrazoi nagusia eta, ondorioz, irtenbidea, jatorria atzerrian duten familietako ikasleen bestelako banaketa batean jarri izan du. Modu berezian, behin ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen diren ikasleak Jakintza Ikastolara bideratzean, orain baina proportzio handiagoan, behintzat.

Lehenik eta behin, esan beharrean gaude, gure ustez desorekaren arrazoia ezin daitekeela jarri jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan edota egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan. Are gehiago, proportzioan gehiago diren heinean, Ordizian edo Euskal herrian jatorria dutenen edo egoera sozioekonomiko hobea dutenen banaketak eragin handiago du desorekan eta, ondorioz, orekan. Beraz orekatze neurriak hori guztia kontuan izan beharko luke.

Bestalde, irtenbidea jatorria atzerrian duten familietako ikasleen zentratzeko proposamen honek Eskola Publikoak berezkoenetarikoa duen funtzioa mugatzen du. Hau da, herritar orori hezkuntza publiko eta unibertsala jasotzeko eta hezkuntza publikoa aukeratzeko duen eskubidea eskaintzekoa, edozein izanda ere bere jatorria, pentsaera, sinesmena, generoa, sexu orientazioa, gaitasun fisiko-psikikoa edo egoera sozioekonomikoa.

Gainera, neurria, diskriminatzailea dela deritzogu, banaketa jatorria atzerrian duten, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten edo zailtasunen bat duten familietako ikasleei ezartzen zaielako eta ez gainerakoei.

"Har ditzala [Jaurlaritzak] erabakiak desoreka konpondu eta elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea modu egokian jorratu ahal izateko"

Hori gutxi balitz, aukera horrek matrikulazioa eta ondorioz ikasgelak eta ikaslerroak eskola publikotik itunduriko eskola pribatura bideratuko lituzke.

Eta azkenik, apenas izango luke eraginik desorekan. Izan ere, urtero, ikasle guztiekiko proportzioan, oso ikasle gutxi baitira ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen direnak. Beraz, Eusko Jaurlaritzak eta eragile batzuek aditzera eman duten bezala, banaketa jatorria atzerrian duten, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten edo zailtasunen bat duten familietako ikasleekin egingo balitz ere, neurria diskriminatzailea izateaz gain, eragina oso mugatua litzake.

Aldiz, eskola publikoa ardatz hartu eta lehenetsiz planifikazioan eragingo balitz, Jakintza Ikastolako gela eta lerro kopurua mugatuko balira eta ikasle guztien banaketa orekatua egingo balitz, ez soilik jatorri atzerritarra duten edo egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten familietako ikasleena, desorekak modu oso nabarmenean murriztuko lirateke.

Jakinik ere, ziurrenik honelako erabakiek egungo araudiaren moldaketa eskatuko luketela, Ordiziako egoera larria bideratzen hasteko baliagarri gerta daitekeelakoan gaude. Baliagarri gerta liteke, era berean, horrela ikusiko balute behintzat, antzeko egoera pairatzen duten beste herri eta auzoetarako ere.

Hezkuntza Saila jakitun da Ordizian eta beste hainbat herri eta auzoetan bizi dugun egoera larriaz, ezagutzen ditu gure proposamenak. Eskaera argia da: har ditzala erabakiak desoreka konpondu eta elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea modu egokian jorratu ahal izateko.