argia.eus
INPRIMATU
Bildarratz, desorekara kondenatuak?

Ordiziako Eskola Publikoko Guraso Elkarteak 2023ko martxoaren 09a

Segregazioari aurre egiteko Jaurlaritzaren planak 20 urtean apenas murriztuko du puntu batean Ordiziako desoreka larria.

Ordiziako eskolen artean, jatorriaren baitako desoreka ehuneko 31,5 puntukoa da. 25,5 puntu hazi da azken zortzi ikasturteetan. Eskola bakoitzeko familien euskara ezagutzan ehuneko 48 puntuko desoreka dago. Behar sozialak dituzten ikasle eta familien banaketan, berriz, desoreka are handiagoa da.

Ordiziako eskolen artean eta herrian, jatorri, hizkuntzaren ezagutza eta egoera sozioekonomikoaren baitan dagoen desoreka larriak kezkaturik, etengabe jo dugu azken urteetan Jaurlaritzako Hezkuntza arduradunengana egoera bideratzeko neurriak eskatuz. Arartekoak ere atentzioa eman die behin baino gehiagotan.

Duela bederatzi hilabete, balizko Hezkuntza Legearen testuinguruan, gobernua lantzen ari zen neurriek gure herrian eta ikastetxeen arteko desorekan izan zezaketen eragina ezagutzea eskatu genion Hezkuntza Sailari. Matrikulazio eremuaren inguruko xehetasunak, Ordizian eta ikastetxe bakoitzean ezarriko zen zaurgarritasun-indizearen azalpena, eskola bakoitzean planifikatuko diren gela eta ikas-lerroak eta horrek guztiak desorekan izan zezakeen eragina ezagutu nahi genituen. Harrezkero, birritan eskatu diogu premiazko bilera. Hasieran, horren guztiaren inguruko informaziorik ez genuelako. Eta, ondoren, jasotako eta geure kabuz lortutako informazioak asko kezkatzen gintuelako. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Otsailaren hasieran ezagutu genuen gure matrikulazio eremuko zaurgarritasun indizea. Ordiziako matrikulazio eremuko indizea %15,96 da eta indizearen pisu nagusia, normala den bezala Eskola Publikoaren gain erortzen da. Harrigarria izan arren, momentu horretan inork gutxik zekien ditxosozko indize hori nola kalkulatzen den, eta oraindik ere ez dira asko dakitenak; ez nola kalkulatzen den, ez zehazki nola aplikatuko den, ez erreserbatu beharreko ikasle zaurgarri eta ez-zaurgarrientzat gorde beharreko plazak nola ateratzen diren, eta, are gutxiago, indize horren aplikazioak nola eragingo duen.

Eskola Publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %35ek soilik du euskalduna den guraso edo tutoreren bat

Duela bederatzi hilabete hezkuntza arduradunei eskatu arren, Arartekoak azaldu behar izan digu Hezkuntza Sailak nola aplikatuko duen indizea eta nola kalkulatuko diren ikasle zaurgarri eta ez- zaurgarrientzako gorde beharreko plazak. Indizea nola sortzen den jakitea, berriz, Coca-Colaren formula ezagutzea baino zailagoa dela dirudi.

Edozein kasutan, norbaitek azal dezake Ordiziak %18,5eko migrazio tasa izanik eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurren familien %30,2k jatorria atzerrian izanik, Ordiziako zaurgarritasun indizea %15,96 izatea?

Azken bost urteotan herriko haurren euskara erabilerak 5 puntu egin du behera. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %59k du guraso edo tutore euskaldunen bat, herri osoko biztanleen euskara ezagutza maila baino ehuneko 2 puntu gutxiago. Eskola Publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %35ek soilik du euskalduna den guraso edo tutoreren bat. Behar sozialak dituzten ikasle edo familia ia guztiak Eskola Publikoan daude.

Hori horrela bada, nolatan ezar dezake Hezkuntza Sailak Ordiziarako indize hori EAEko batez besteko zaurgarritasun indizea %15 izanda? Zer esan nahi du horrek, Ordiziako egoera EAEko batezbestekoaren antzekoa dela?

Edonola ere, zenbakiak alde batera utzi eta ikus dezagun indize horren aplikazioak izan dezakeen eragina desorekak bideratzerako orduan, horrek baitu benetako garrantzia.

Hezkuntza Sailak ezarri duenari jarraituz, ikastetxeen eta eremuko indizearen arteko diferentziak ezartzen du Haur Hezkuntzako 2. mailan ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopurua. Ordizian kopuru hori sei plaza ingurukoa da. Ordiziako Ikastolak, ordea, azken ikasturteetan jada izan ditu jatorria atzerrian duten familietako sei ikasle inguru.

Hezkuntza Sailak desorekari aurre egiteko abian jarritako “tresna izarrak” Ordizian desoreka ez konpontzeaz gain, betikotu besterik ez du egiten

Beraz, Hezkuntza Sailak Ordiziarako ezarri duen indizeak ez luke inolako eraginik izango desoreka bideratzeko, edo, kasurik onenean, oso eragin txikia. Ikastetxearen eta matrikulazio eremuko indizearen arteko diferentzia %10 baino handiagoa bada, erreserbatu beharreko plazak gehienez %10era mugatuko direla dio Jaurlaritzak. Hori horrela bada, erreserbatu beharreko plazak, gehienez, bost izango lirateke. Atera kontuak!

Beraz, Hezkuntza Sailak desorekari aurre egiteko abian jarritako “tresna izarrak” Ordizian desoreka ez konpontzeaz gain, betikotu besterik ez du egiten. Zaurgarritasun indizearen aplikazioak, berez, ez du desoreka puntu bakar batean ere bideratuko, ez hiru, ez bost, ez hamar, ezta 20 urtean ere.

Hori guztia zaurgarritasun indizea soilik kontuan hartuta. Izan ere, Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzeko ikas-postu eta ikas-lerroen planifikazioa eskariaren baitan antolatzeko hautua egin du, ikasturtea hasita matrikulatzen diren ikasleak egoki banatzeko aitzakiarekin, eta itunpeko ikastetxeen planifikazioa ofizioz aldatzeko aukera ireki. Horrek Ordiziako desoreka are gehiago okertu edo konponezin bihur dezake.

Hezkuntza Sailari behin eta berriro esan diogun moduan, baita plaza publikoan adierazi ere, Ordiziako desoreka bideratu ahal izateko: Jaurlaritzak planifikazioan eragin behar du; itunpeko ikas-postuak eta ikas-lerroak mugatu behar ditu; eta jatorriaren, hizkuntzaren eta egoera sozioekonomikoaren baitako ikasle zaurgarri eta ez-zaurgarriak modu orekatuan banatu behar ditu bi ikastetxeen artean.

Aurreko baldintzak beteta, zaurgarritasun indizea baliagarri gerta liteke ikasleen banaketa orekatua egiteko. Horretarako, ordea, indize horrek Ordizian Hezkuntza Sailak ezarri duenaren bikoitza baino handiagoa beharko luke: %38 ingurukoa, alegia.

Nola pentsatzen du Hezkuntza Sailak Ordiziako desoreka bideratzea? Nola jatorri ezberdinetako ikasleen inklusioa bultzatzea eskola eremuan eta herrian? Nola ikastetxe bakoitzeko eta herriko ikasleen euskara ezagutza eta erabilera indartzea? Nola egoera sozioekonomiko ezberdinetako ikasleen arteko harremana bultzatzea, elkar ezagutzea eta laguntzeko baldintzak sortzea?

Bildarratz jauna, ez dugu desorekara kondenatzerik onartuko. Ordizian, Eskola Publikoaren oraina eta etorkizuna daude jokoan, baita Ordiziako elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta euskalduntzea ere.

Ordiziako Eskola Publikoko Guraso Elkarteak