argia.eus
INPRIMATU
“Bilbotarren %80 bizi den auzoak zaintzen dituzte gutxien”
  • Javier Muñoz Basurtu auzoko bilbotarra da eta hiriko bizilagun elkarteen federazioko presidentea. Besteren artean, hiriaren eraldaketak auzoetan izan duen eragina eta etxegabetzeen afera izan ditu mintzagai Eldiario.es-ek egindako elkarrizketan. Adierazpen interesgarrietariko batzuk ekarri ditugu hona:

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 13a
(Argazkia: elcorreo.com)

“Zerbitzuen hiria izatea ez da nahikoa, balio erantsia sortuko duen oinarri bat behar du, eta udalak badaki hori. Orain ‘ezagutzaren hiria’ terminoa erabiltzen da; oso polita da, baina edukiz jantzi beharra dago. Ikerketa eta garapenarekin lotutako ekoizpen sektoreak sortzea da erronka”.

“Orain arte hiria bi abiaduratan hazi da: turistentzako erakusleku den erdigunea dago batetik eta gainontzekoa bigarren mailan kokatzen da. Bilbotarren %80ren bizileku diren periferiako auzoak dira gutxien zaintzen direnak”.

Etxegabetzeen aurka, elkarri mokoka

“Bizkaian hiruzpalau mugimendu daude etxegabetzeen arazoari aurre egiteko asmoz sortu direnak. Arazoa da talde horietako bakoitza alderdi politiko jakin batekin lotuta dagoela. Bizilagun elkarteen federazioan, hori oso kaltegarria dela uste dugu, elkarren aurka aritzen ere ikusi baititugu. Adiskidetzerako eta elkarlanerako deia egin genien, baina kasurik egin ez zigutenez, gure aholkularitza eta laguntza taldea sortzea erabaki genuen”

“Loa kentzen duten testigantzak entzun ditugu, baina oso larriak ziren zenbait kasuren konponbidea erdietsi dugu behintzat. Azkenean Udala ere konturatu ez dela, herritarren segurtasunaz eta bizi kalitateaz behar adina arduratu. Haiekin bildu ginen, gurearen antzeko talde bat sortu, edota gurea diruz babes zezaten, baina oso modu txarrean jaso gintuzten. Hala ere, arrazoia dugula ikusi zuten eta programa propioa jarri dute martxan, baina baliabide gutxiegirekin. Guk irailan gure bideari ekingo diogu berriro, Udalak berea hobetzen duen arte”.