argia.eus
INPRIMATU
Rajoyren dimisioa eskatuz bilbotar batek hasitako gose greba zabaltzen ari da
  • Jorge Arzuaga Bilboko gaztea gose greban dago Madrilgo Puerta del Solen “Mariano Rajoyren Gobernua erori edo hauteskundeak aurreratzen dituzten arte”. Ekimen horri beste lau lagun gehitu zaizkio eta jada bost dira protestan ari direnak.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 18a
Jorge Arzuaga, 25 urteko gazte bilbotarra Rajoyk dimititu dezan gose greban Madrilgo Puerta del Solen.

Krisi ekonomikoaren aitzakian “ongizate Estatua” deuseztatzen ari direla salatu nahi dute. Egun hauetan, jende asko hurbildu da Arzuagaraengana berarekin hitz egin edo babesa ematera. Twitterren ere #MotivosdeJorge etiketa sortu da taldeari animoak emateko.

25 urteko gazte bilbotarrak ingeniaritza bat ikasi du baina ez du lan etorkizunik ikusten. Bazterketa sozialarekin zerikusia duten proiektuetan ibilia da; eta India eta Perun borondatezko lanak egin ditu. Horrek “beste errealitate batzuk ezagutzeko” balio izan diola aitortu du. M15 mugimenduan ere parte hartu izan du, batez ere Unibertsitate esparruan.

Arzuagaren aburuz, hainbat urte manifestazioetara joaten ibili eta ezer lortzen ez dela ikusita, “haratago joateko unea” da. Dioenez borroka baketsuaren aldeko hautua egin du eta hausnarketa horren ostean abiatu du gose greba. Helburu gisa Espainiako Gobernuaren dimisioa duen arren, ekimen horrekin “herriak duen etsipena eta beldurra alde batera uztea” lortu nahi du.