argia.eus
INPRIMATU
Bilbora sartzeko bidesaria?
  • Bilboko Udaleko Zirkulazio zinegotziak egin du proposamena orain egun batzuk, Bizkaiko hiriburuan kotxe pribatuen joan-etorriak murrizteko.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 20a
(Argazkia: vatservices.es).

Alkateak ezezko jarrera hartu du, eta Ekologistak Martxan taldeak oharra kaleratu du proposamena zalantzan jarriz.Zergatik jartzen dugu zalantzan Bilborako sarbidean bidesaria jartzea? izenburuarekin bidalitako prentsa-oharrean talde ekologistak adierazi du ados daudela proposamenak dituen helburu eta metodologiarekin, alegia, ados daudela motordun ibilgailu pribatuen joan-etorriak murriztearekin eta sinetsita daudela horrelako helburuek emaitzak izan ditzaten zuzeneko neurriak hartu behar direla. "Kasu honetan, ibilgailu pribatuen mugimenduen aurka”, diote, “oso ondo egon arren neurri alternatiboak aurkezteak soilik ez duela funtzionatzen”.

Hirigintzako Mugikortasun Plan Jasangarriaren bueltan dator eztabaida, eta oharrak azpimarratzen du “350.000 biztanleko hiriburu txikia dela, sarbide asko dituela eta horrek asko zailduko lukeela teknikoki eta ekonomikoki bidesari sistema eraginkorra jartzea”. Beraz, proposatzen ditu mugikortasun planean sartzeko hainbat neurri: hala nola, motordun ibilgailuei abiadura murriztea, biribilguneen partez parkeak eta bidegurutzeak jartzea, eskuineko aldeko aparkalekuak ekiditea bizikletak arriskurik gabe ibil daitezen, edo hainbat kale oinezkoentzat lehenestea.