argia.eus
INPRIMATU
Bilbon okupatutako Karmelo Ikastola biziberritzen ari dira auzolanean
  • KRML Bizirik dinamikako kideak Bilboko Santutxu eta Atxuri auzoen artean azaroan okupatutako Karmelo ikastolan auzolanean jarraitzen dute. Bilboko Udalarekin harremanetan jarri direla jakinarazi dute eraikinaren inguruko akordioa lotzeko.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 25a
KRML Bizirikeko kideek Udalarekin harremanetan direla jakinarazi, eta orain arte egindakoaz berri eman zuten.

Bi urte abandonatuta egon ostean, azaroaren 14an Karmelo Ikastolako eraikina berreskuratu zuten, “auzoarentzat eta auzotarrentzat proiektu alternatibo eta herritarra” sortzeko. Azaroan zehar Bilbo eta inguruetako 60tik gora eragilerekin elkartu ziren, eta abenduaren 12an egin zuten lehen batzarra proiektuaren noranzkoa, helburuak eta filosofia zehazteko. Ordutik hona, astero 30 pertsona inguru aritu dira eguneroko zereginak kudeatzen.

Zapatuan, prentsaurrekoa egin zuten KRML Bizirikeko kideek Udalarekin harremanetan direla jakinarazi, eta orain arte egindakoaz berri emateko. Auzolanean eraikina atontzen aritu dira azken asteetan, eta dagoeneko ludoteka, liburutegia, frontoia eta jantoki eta aldageletako espazioak martxan dituzte.

Hortaz aparte, Udalak eskatuta aurreko astean espazioaren erabilera zehaztuko duen akordioa adosteko ordezkariekin batzartu zirela ere jakinarazi zuten. Ondorio argi batera iritsi direla adierazi dute: “Bi aldeek borondatea izanez gero, proiektua aurrera atera daiteke”. Bestalde, hainbat adibide mahai gainean jarri zirela jakinarazi dute. Besteak beste, Iruñeko Udalak utzi berri dituen lokalak eta Gernikako Astra. Gaineratu dute elkarrizketek ez dutela etengo orain arte egindako lana.

KRML Bizirikeko kideek aldarrikatu zuten Bilbo solidario, parte hartzaile eta sozialagoan sinesten duten eragileen indarrak batzeko unea dela. Deia luzatu zieten adin, sexu, jatorri eta interes ezberdineko herritarrei Karmelo ikastolako espazioari ekarpenak egiteko.