argia.eus
INPRIMATU
Bilbon jazotako eraso lesbofoboa salatu dute
  • Erasoa Zinegoak jaialdiaren baitan antolatutako Artefactos contra la lesbofobia [Lesbofobiaren aurkako artefaktuak] ekimenean jazo zen. Gizonezko argazkilari batek fisikoki zein hitzez erasotu zituen hainbat parte hartzaile eta langile bat.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 25
Erasoa Zinegoak jaialdiaren baitako ekimen batean gertatu da

Sare Lesbianistak salatu du erasoa sare sozialen bidez. Azaldu duenez, ostiralean jazo zen gertakaria, Bilboko Bilborock-en. Zinegoak (Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia) jaialdiaren baitan ari ziren gauzatzen Artefactos contra la lesbofobia ekimena, zeinak proiekzioa, eztabaida eta jaia barne biltzen zituen. “Paradoxikoki, jai eremuan pasarte lesbofobo bat bizi behar izan genuen”, salatu du Sare Lesbianistak.

Gertatutakoaren berri emanez publiko egin duten idatziaz azaldu dutenez, jai giroan zirela argazkilari bat agertu zen, eta akreditaziorik gabe eta bertan zirenen baimenik gabe argazkiak egiteari ekin zion. Orduan, argazkilariarengana hurbildu ziren zein medioren partez zetorren galdezka eta egindako argazkiak ezabatu zitzan eskatuz. “Identifikatzeko eta bere kamerarekin egindako argazkiak ezabatzeko eskakizun atseginaren aurrean, bere erantzuna izan zen fisikoki zein hitzez hainbat kide eta Bilborockeko langile bati eraso egitea”. Behin espaziotik kanpo zegoela, argazkilariak ekitaldiko parte hartzaileak iraintzen segi zuen “lesbiana zikinak”, “naziak zarete denak”, “gaixorik zaudete” edo “hurbildu, aurpegia apurtuko dizuet-eta” bezalako esaldiekin.

Argazkilariaren izena publiko egin dute: Jorge Lamas du izena. Eta argazkilariak beren argazkiak ere eraman zituenez, honen argazki bat ere zabaldu dute sarean.